Asteroko buletina
Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra.

Senperen sagastiak loretan

"Sagarren herrialdea da, bertako emakumeek sagarra bakarrik jaten dute, ez dute sagar muztioa besterik edaten eta noiznahi transgresioaren sagarrari hozka egiteko prest daude, Jainkoaren gaitzespena gaindituz eta gure lehen aitaren debekua saihestuz. Adanen semeak borondatez liluratzen dituzten Evak dira, eta buru-has edo hutsik, mendian bizi dira erabateko askatasunean eta inozotasunean, Eva lur paradisuan bezala".

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 22a
Sagarrondoa loretan. Argazkia: Jakoba Errekondo CC-BY-SA

Frantziako erregearen haginduz Euskal Herria hankaperatzera 1609an etorri eta bere egoitza zuen Senpereko gaztelutik Pierre de Lancre inkisidoreak euskal emakumeak horrela azaldu zituen 1613an argitaratu zuen Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons liburuan (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasunaren taula). Gaztelu horretan pentsa ezinezko izugarrikeriak egin zituen euskaldunen aurka: tortura, epaiketa eta exekuzio. Ordutik hona Sorginaren dorrea esaten zaio. Aitona Nafarroa Behereko Bernat Rostegi jutsiarra zuen Pierre demonioak. Bera jesuita eta abokatua zen, a zer bi ofizio, esaten eta egiten zituenak esateko eta egiteko. Kontuz abokatu jesuitekin, eta jesuita abokatuekin eta, zer arraio, jesuitekin eta abokatuekin…

Sagarra (Malus domestica), ederki azpimarratzen zuen Lancrek, transgresioaren metafora biblikoa da; gorroto neurrigabea elikatzeko besterik balio ez zuen bere erlijioan.

Ez zen gaztelutik askotan jaitsiko inguruko baratzeetara, ez behintzat apiril-maiatzetan, gainontzean ezinezkoa da sagarraz hain zatar, lohi eta aldrebes mintzatzea. Garai haietako sagardi amaigabeen loraldiaren lilurak urde sugegorrienari ere gogoa limurtu eta bahituko lioke. Lilura-sagastiak baitziren, orain bezala, lehen ere gurean.

Badoan sagarrondoen loraldiko lore arrosa-gorrizta eta zuri delikatuak benetako gozamena dira. Ikuskizun paregabea da, lurraren oparotasunaren eta gure lanaren emankortasunaren energiaren adierazle eta argia, kolorea, usaina, musika, ahalmena, askatasuna eta, finean, edertasunaren ikusgarri erraldoia da. Gure herrian ikaragarrizko garrantzia izan du sagarrondoak: bizirik mantendu gaituzten sagarra eta edaria eman dizkigu. Sagarra osasuna da, bitaminaz, mineralez eta biziz josia. Pitarrak eta sagardoak kultura bezala garatu eta mundua eman digutenak.

Sagarrondoak urtero loratzen dira. Berandu sagarrek bai-urtean sagarra emango dute eta ez-urtean ez. Ohituta gaude. Urtero sagarra ematen duten goiz sagarrak jan eta pitarra eta sagardoa bi urtez behin bi urterako egin.

Lankrepaile asko dago eta izango da. Epai uholdeak gorabehera, Senperen sagastiak urtero loratzen dira. Sagastiak landa ditzagun.

Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia
2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez. (+)
Usainak eta kiratsak
2024-03-18 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzen lore sasoien usainak ederrak dira, batzuk. Igaro berri dira mimosarena (Acacia dealbata) eta goizeko magnoliena: magnolia izarra (Magnolia stellata) eta magnolia tulipa (Magnolia soulangeana).... (+)
Arrantzale baldarraren arteak
2024-03-11 | Jakoba Errekondo
Kanabera sasoia joan da. Baratzean edo soroan barazkien euskarri pardatarako edo makiletarako kanaberak eta banbuak mozteko sasoia urtarrila-otsaila da. Itxiturak edo hesitegiak egiteko edo keretatarako... (+)
Landareen erotika
2024-03-03 | Jakoba Errekondo
Zer da baratzea baino erotikoagorik? Nik ez dut ezagutzen. Mila esker, eta beste mila landareei sexualitatea asmatzeagatik. Ez dakit izango ote ginatekeenik ere haien asmakuntza... (+)
Zuhaitzak eta arbolak zuri
2024-02-26 | Jakoba Errekondo
Soildu egiten du paisaia. Udazkenak erantzi eta soildu egiten du landare asko, eta horien ikusbide nagusia den paisaia. Udaberri eta uda jantzietan antzeman ezinekoak diren... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora