Asteroko buletina
Zuhaitz bat asko luzatu eta hazita ere, hostoak sustraietara bueltatzen dira.

Sendabelarrak ekoizten

2017an jarri zuen Fanny Dalla-Betta laborariak Lilizain proiektua martxan, Zuberoako Ürrüstoi-Larrabile udalerrian. Bere amona eta izeba laborariak ziren, eta txikitatik izan du landa eremuarekin harremana. “Nire proiektua abiatu baino lehen, duela hamabost urte inguru, beste laborarien etxaldeetan formatzen eta lanean hasi nintzen. Gero, Hazparnen laborantza-ikasketak egin nituen, eta baita belarren ingurukoak ere”. Prestakuntza eta esperientzia nahikoa bazuela sumatu zuenean, bere proiektuari ekin zion.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko maiatzaren 22a
Lurrak zaldi-trakzioz lantzen dituzte.

Etxalde dibertsifikatua da Lilizain: sendabelarrak eta landare usaintsuak ekoizten ditu batik bat, baina artaldea ere badu, eta axuriak saltzeaz gain, artilea balorizatzeko lanean dihardu beste bi kiderekin batera, feltrozko produktuak egiten. “Nire helburua giza-eskalako etxalde biologiko txiki bat martxan jartzea zen, horretatik bizitzeko eta Euskal Herrian ditugun sendabelarrak ezagutzera emateko”, azaldu du. 30 inguru landare ekoizten ditu Dalla-Bettak, ondoren, horiek lehortuta, lore-ur eta olio esentzial bezala saltzeko.

“Landare iraunkorrak dira horietako zenbait, melisa, oreganoa, ezkaia edo berbena kasu. Beste batzuk, berriz, urterokoak dira: nabar-lorea, ilena, albahaka… eta, azkenik, badira etxalde inguruan bere kasa ateratzen direnak eta nik biltzen ditudanak: ezkaia, intsusa, asuna...”. Horiek lehortzeko prozesu naturala darabil Dalla-Bettak, eguzkitan zabalduta eta hezetasun-kengailuaren laguntzaz. Olio esentzialak egiteko, berriz, alanbikeaz baliatzen da: “Produktuok zuzeneko salmenta bidez merkaturatzen ditut, Donapaleuko eta Mauleko azoketan eta kontsumo taldeen bidez”. Hurbileko zenbait denda biologikotan ere saltzen ditu.

Animalia-trakzio bidez lanean

Traktoreak eta bestelako makineria mekanizatua guztiz zabalduak dauden garaiotan, animalia-trakzioaren aldeko apustua egin zuen hasieratik Dalla-Bettak. “Zaldiak sekulako agronomia lana egiten du, eta oso zehatza da gainera”, azaldu du. Erregaiekiko dependentzia ekiditeaz gain, animaliarekin lotura berezia sortzen dela dio ekoizleak.

Sendabelarren ekoizpen nagusiarekin batera, 50 bat buruko artaldea ere badu laborariak, urte osoan aire librean izaten duena: “Lursailak mantentzea eta landareen eta animalien artean sistema orekatu bat sortzea da ideia”. Mauleko hiltegi biologikora daramatza axuriak, eta bezeroei haragi loteak zuzenean saltzen dizkie gero. “Emakumezkook gidatutako hiru etxaldeetako artilea ere biltzen dugu feltrozko produktuak egiteko, ‘Les Bergères s’emmêlent’ proiektuaren baitan”. Larrua aprobetxatzeko, hurbileko larru-ontzaile batekin ari da lanean.

Liburuak eta haziak, aberastasun publiko
2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen... (+)
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...
2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago... (+)
Ontziratu gabeko garbiketa produktu ekologikoak, Bermeoko dendan
2024-03-11 | Garazi Zabaleta
Ateak ireki berri ditu Bermeon Gu Zu Bio dendak, otsailaren 17an egin baitzuten inaugurazio ekitaldia. Edurne Zulueta Aranguena da proiektuaren bultzatzailea, eta berak azaldu bezala,... (+)
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua
2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe... (+)
Kulturarteko ortua, Barakaldoko Gurutzeta auzoan
2024-02-26 | Garazi Zabaleta
Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora