Astelehenero 8:00etan zure epostan
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun euskaldunok jai izango dugula, puska batean behintzat, intxaurrondoarekin. Izurrite berri batek (Rhagoletis completa eulia) eta gaitzekin uztartze berri batek fruituak zapuzten ditu. Aurtengoa bezalako uda bero eta batez ere lehor batean gaitzerdi, gaitzek ezin bere harroenean jo eta fruitu gehienak jateko modutsuraino heldu dira.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Intxaurrak gero eta sona mardoagoa du kalitatezko elikadura lantzen dutenen artean. Ez dut bere osagai osasuntsu andana ekarriko hona, honezkero ezagutzen duzue. Intxaurra ez da bakarra, gainontzeko fruitu lehorrek ere badute ospetik: hurra (Corylus avellana), arbendola (Prunus dulcis), pinazia (Pinus pinea), kakahuetea (Arachis hypogea), pistatxoa (Pistacia vera), kuia hazia (Cucurbita spp.), ekilore hazia (Helianthus annuus) eta abar.
Horren jakinaren gainean, Nafarroako Gobernua azti ibili da, eta 2022an Nafarroako Intxaurra marka babestua sortu du. Gaur egun 100 hektarea inguru lantzen dituzte zortzi ekoizlek haren abaroan Sesma, Faltzes, Deierri, Artaxoa, Oteitza eta Berbintzanan. Pixkanaka ekoizle eta intxaurdi kopurua hazten ari da, eta espero da aurten jaso dituzten 200 tonatik gora intxaurrak ere ugaltzea. Euskaldunok saltoki, azoka eta abarretan gero eta ugariago ikusten diren gure hego-hegoaldeko intxaurrak izango ditugu jaki etorkizunean; itxaropentsu beharko lukete lurralde lehorretako nekazariek.
Intxaurra ez da, ordea, bat eta bakarra. Makina bat barietate ezagutu izan ditugu euskaldunok erromatarrez geroztik: arran, azal-mehe, txori-intxaur, garrangoi, zeken-intxaur, xokokari edo xokotero, puntaluze eta frantses-intxaur, besteak beste. Azal meheko ale oso handiei honela ere esaten zaie, behintzat: indintxaur, indi-intxaur, anpolai-intxaur, mozolo-intxaur, sagu-intxaur, mari-intxaur, marrubi-intxaur, manu-intxaur, mando-intxaur, amaso-intxaur, ontzako, eta arroka. Azal gogorra bitan beharrean hirutan zatitutako alea dutenei, berriz: agimin-intxaur, hirukoitz, hirukonde, serora, damintxaur eta mokete; eta azal hori lautan banatua dutenei sakristaua eta laukoitza.
Aspaldian kanpotik ekarritako intxaurrak ezagutu baditugu ere, ekartze horrek ez du etenik izan. Lehengo mendean, batez ere Frantzia aldean hautaketaz hobekitutako barietateak ekarri ziren; Franquette da ezagunena (Juglans regia “Franquette”). Dasta galdu gabe azala zuritzeko erraztasuneratz bideratu da, batez ere, hobetze horren aria.
Lurra lantzen duen jende gehienak badu aurrera egiteko barazki, fruitu eta abar berriekin saioak egin eta haztatzeko nahia. Lanerako grinarentzako akuilu bultzagarri edo bixigarri da saiaketak bururatu, lurreratu eta emaitzak jasotzea. Horietan ari den jende ugari dugu inguruan, zein baino zein iaioagoa. Horietan bada mainatsu eta treberik, eta Josu da bat, Lantarongo Larrazubiko LarratEko Agroekologikoko Josu. Duela gutxi bidali dizkit bere lurretan hazitako intxaur gorriak. Izena Rote Donaunuss duen intxaur gorria (Juglans regia f. rubra). Izen zientifikoko f. horrek adierazten du ez dela ez espezie ez barietate ez subespezie bat, baizik eta aldaketa hereditario txiki bat espeziearen (intxaurraren) barruan, kasu honetan intxaur alearen barruko mamiaren inguruko mintzaren kolorea: gorri bizia da. Mamia edo intxaur-isterra edo intxaurkia, ohiko laru argiaren ordez, zuri-zuria du, eta biltzen duen mintz mehearen kolore gorriak arreta erakartzen du.
Antzeko beste batzuk ere badira, baina Rote Donaunuss (Danubioko intxaur gorria) intxaurren artean edertasunaren erreginatzat hartzen da. Austriarra –Danubio inguruan ustekabean sortu eta aurkitua– ikusgarria eta altxor gastronomikoa da. Zure baratzeari bitxikeria berdingabea eman eta, zure jakiak benetako artelan bihurtuko dituen zuhaitz baten bila bazabiltza, aurkitu berri duzu altxorra. Mila esker, Josu!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545