Astelehenero 8:00etan zure epostan
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Kandido Izagirre urretxuarrak honela definitzen du lurrustela lehengo mendean jasotako Arantzazu eta Oñatiko euskal hiztegia-n: atarian edo beste nonbait sortutako simaurra. Horretarako bada beste hitzik ere. Atari-lohia, adibidez, edo atalohia, Azkueren hiztegian etxe aurreko simaurtegia dena eta, 1846an Cristau dotriña deiturikoan Baztango parroko batek jasotakoaren arabera, etxe aurre edo larrainean ote (Ulex spp.) txikituarekin sortutako simaurra edo simaur edo inaurkin (Pteridium aquilinum) soilak.
Beste batzuentzat sekula landu gabeko lurra edo ote-lurra da lurrustela. Adibidez, honela dio Leitzako Jose Mari Aspirozek 1963-1964ko Euskera aldizkarian argitaratutako Azkue Jaunaren iztegia osatzeko, Naparroako Leitze-n bildutako itz-bilduma idatzian: “Inoiz landu gabeko lur guztia, gehienbat materia organikoaren usteltzearen ondorioz sortua”. “Ote lurra” ere esaten zaio, izan ere, otadia moztu eta lurra bistaratzen denean, urtetan azpietan pilatutako orri iharrak sortzen duen ote-zarama, ote-sostra, ote-zuntar edo ote-zuzkur pilatua agertzen da. Edozein eratara, “ote-lur” edo “lurrustel” esan, ezagutzen den lur harro eta emankorrena da.
Harritzekoa da lehenxeago edo geroxeago otea azaltzea lurra aberasteko izango diren gaiak sortzeko materialak miatzerakoan. Lehen otea kontuzko lehengaia zen, eta herri lurretako otadien ustiaketak gorabehera handiak sortzen zituen: zorrotz gainbegiratua izaten zen ote-epaileen i(gi)taite edo epaitze lana, etxerako aziendarentzat bazkatarako edo lurrustela sortzeko eraman nahi zutenena. Otadi mendiaren aberastasuna.
Simaurra edo satsa, ukuilu, korta, artegi, abeletxe, ahunztegi, heia, estrabi, iditegi eta edozein barrukitatik azpiak atera eta luartokian geruzatuta jarri (ote txikitu geruza, simaur geruza, ote txikitua, simaurra), eta luze gabe ezagutzen duzun ongarririk onena izango duzu: lurrustela. Horri Zerainen luarra esaten zaio eta atariko luartokian egiten da. Beste materia organiko batzuekin ere nahas daiteke: orbela eta inaurkinarekin, adibidez. Baina oteak eransten diona apartekoa da.
Beste lur batzuei ere esaten zaie “lurrustela”. Besteak beste, Jean Duvoisinek 1880ko bere hiztegira biltzen du eta Pierre Lhandek 1926ko euskara-frantsesa hiztegian jasotzen du Martin Harrietek 1741ean argitaratutako gramatikako hiztegian dakarren beste esanahi polit bat: loreontzietan erabiltzeko lurra.
Guretzat lurrustela baratzean lurra izakitu, azalaitzurtu edo saratu ondoren sortzen den hondakina da, bazter batean pilatzen den lur beltz harroa, baratzeko gainontzeko hondar-mondarrak gehituta denborarekin sortzen dena. Hazitegia edo baratzea ongarritzeko pagotxa.
Hazitegian eta muintegietan ez da lurrustelaren ospea duen beste inolako lurrik. Sonatua da orbel pilarekin egiten dena ere. Lehengo udazkenean hostoak metatu izan bazenitu paregabeko lurra izango zenuke orain luberritu behar diren loreontzietarako. Etxeko lore guztien ametsa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545