Astelehenero 8:00etan zure epostan
Tokiko politika publikoetatik elikadura sistemetan eragiteko dauden aukeren inguruko jardunaldiak antolatu zituen ekainaren hasieran Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak, Leitzan (Nafarroa). Euskal Herriko hainbat tokitan udaletatik edo udalaren laguntzarekin martxan jarri diren egitasmo eta esperientziak ezagutzeko aukera izan zen bertan, tartean, Larrabetzun (Bizkaia) duela hamabost bat urtetik herriko hondakin organikoak kudeatzeko martxan dagoen Bertokoa Indartuz ekimena. "Hondakin organikoen kudeaketa Gurpide Larrabetzuko baserritarren eta kontsumitzaileen elkartearen lanaren ildo bat da", azaldu zuen Edu Cordero elkarteko kideak.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Edu Cordero Larrabetzuko (Bizkaia) Gurpide baserritar eta kontsumitzaileen elkarteko kidea, erdian, Leitzan (Nafarroa) ekainaren hasieran egin ziren jardunaldietan haien esperientzia azaltzen.
Herritar batek egin zion proposamena Gurpide elkarteari 2011n, Austriako herri konpostaren eredua ezagututa. "Austrian erabaki zuten konposta gerora erabiliko duten horiek kudeatzea dela modurik onena, alegia, nekazariek", zioen Corderok. Beraz, entitate lokal edo herri txiki bakoitzeko nekazariak arduratzen dira bertako konpostaren antolaketaz eta kudeaketaz. Larrabetzun, eskala txikiagoan baina filosofia berarekin proiektua jarri zuten martxan 2013an. "Parte hartzen duten herritarrek hondakinen bereizketa egiten dute, eta herriko nekazariak dira hondakin organikoak jasotzen dituztenak", azaldu zuen Corderok.
Udalak, beste edozein enpresari ordainduko liokeen moduan, nekazariei ordaintzen die lan horregatik. "Nekazariontzat ere interesgarria da eredua, errentagarritasun faltaren aurrean osagarri bat baita konpostatzearena". Astean hiru egun eskaintzen dizkiote nekazariek konpostaren kudeaketari, eta haien artean txandakatzen doazenez, guztira, hilabetean hiru goizetako jardunaldi erdiko lana izaten du bakoitzak, gutxi gorabehera. "Lan horregatik 446 euro jasotzen ditu bakoitzak, oinarrian". Gaizki ordaindua dagoen lanbide batentzat errenta osatzeko eta sarrera finko eta ziur bat izateko modua da. Lau nekazarik hartzen dute parte egitasmoan.
Baina, nekazarientzat ez ezik, herriarentzat ere egitasmo interesgarria dela azpimarratu zuen Corderok, izan ere, tokian bertan konpostatzeak hondakinak garraiatu beharra saihesten du, ingurumenaren mesedetan, eta tokiko administrazioari ez dio inbertsio handirik eskatzen. "Eskala txikiko konpostatze guneak ditugu Larrabetzun, auzolanean eraiki genituenak, eta baserritarrok ditugun erremintekin eraiki eta maneiatu daitezkeenak". Lurrean bertan egiten dute konposta zenbait puntutan, eta beste batzuetan, egurrezko kutxetan. Gainera, herrian bertan konpostatuta, herritarrek prozesua nola den ikus dezakete. "Beste eredu batzuetan, kamioi bat dator kanpotik hondakinak jasotzera, eta badoa, eta ez dakigu ongi nora eta zer egiten duten".
Gaur egun, 260 familia baino gehiagok hartzen du parte ekimenean, herrigunean bizi diren herritarren %40 inguruk, baita hiru janari dendak, bi tabernak eta jatetxe batek ere. Guztira, urtean 70 tona inguru jasotzen dituzte.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545