Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ana Velez hernaniarraren (Gipuzkoa) proiektua da Akna Atelier, garai batean ‘Koloreztatu’ izeneko egitasmoaren segida dena, nolabait. “2017 inguruan hasi nintzen olio birtziklatuarekin xaboiak egiten, etxean”, gogoratu du. Orduan hasi zen konturatzen zaborretara botatzen den olioak urrea balio zuela. “Pixkanaka olio garbiarekin ere xaboiak egiten hasi nintzen, sendabelarrak oliotan sartzen, ukenduekin probak egiten…”. Garbiketa produktu eta kosmetikoez gain, usaimenarekin eta energiekin lotutako landareen produktuak ere ekoizten ditu gaur egun tailerrean.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Azken urteetan Mexikora eta Venezuelara egindako bidaiek asko markatu dutela azaldu du: “Batez ere Mexikoko bidaian, ikusi nuen landareak energiei begira erabiltzen dituztela, esaterako, etxeko giroa garbitzeko erromeroa botatzen dute lurrean”. Landareekiko eta lurrarekiko loturan energiek eta emozioek gurean baino toki gehiago dute han, eta ikasitakoa bere proiektuan txertatzeko gogoz itzuli zen: “Venezuelan sistema komunala ezagutzeko aukera izan nuen, eta burujabetza bilatzeko ideia ekarri nuen handik, batez ere. Mexikoko irakaspena alde espiritualari begira doa, gehiago”.
Produktuetan darabiltzan zenbait sendabelar eta landare berak ekoitzitakoak edo kanpoan bildutakoak dira, baina ez guztiak: “Askotan erosi egin behar izaten ditut, eta kasu horretan beti saiatzen naiz bertakoak eta ahal den neurrian ekologikoak izan daitezen”. Kandelak egiteko oliba argizaria erabiltzen du, eta ukenduen kasuan, erleena. Belarrekin eta kosmetika naturalarekin lotutako produktu sorta zabala dute Aknan: xanpuak, ile-egokitzaileak, xaboiak, kremak, eguzkitakoak, roll-onak, belar lotuak, intsentsuak, kandelak… baita etxeko bermuta ere. “Sendabelarrekin saltseatzen hasi eta bermuta egitea bururatu zitzaidan, froga batzuk egin eta sekulako arrakasta izan du. Ederra da osagai onekin egindako edaria sortzea eta kutsu medizinala ere ematea”, dio.
Oreretako tailerrean egiten ditu eraldaketak Aknako kideak, eta batez ere online saltzen ditu produktuak, baina azoketan ere saltzen du, eta maiztasun handiagoarekin hasteko gogoz dago: “Gustatzen zait jendearekin zuzeneko harremana izatea eta lan nola egiten dudan azaltzea. Kosmetika naturalarekiko gero eta interes handiagoa sumatzen du, eta marka asko ari dira, ustez, horretan. “Baina, benetan bertako produktuen alde eta ekoizpen jasangarriarekiko apostua egiten dutenak, ez dakit hainbeste diren”, gehitu du.
Ekoizpenaz gain, hainbat tailer ere gidatu izan ditu Velezek, bere jakintzak eta esperientzia konpartitzeko. “Badira oso sinpleak diren prozesuak, norberak etxean egin ditzakeenak, eta hori oso interesgarria da”, dio.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545