Asteroko buletina
Landa ez da soilik lurra; lurrak, landareek eta animaliek osatutako zirkuitotik sortzen den energia iturri bat da

Konbentzimendu osoz

Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 22a
Argazkia: Wikipedia

Banaketa jazo aurretik, populazioaren %89arekin bizi nintzen, hiri-eremuan. Espazio txikia, lurraldearen %11 baino ez. Halere, makro-ustiategi funtzionamendu haren zaindariak adi zeuden, ezer ez faltatzeko.

Eta halaxe, egunero-egunero jaten genuen, nahi adina eta noiznahi; edozein egoeretarako arropa, eskura; medikuak eta erizainak, bertatik bertara; berdin liburutegiak eta kultur-emanaldiak; baita eskolak, garraioa edota administrazioetako bestelako zerbitzu publikoak ere. Majo ikasi genuen ematen zigun edozein apeta posible zela. Boto-emailea izatea erraza zen, aukera guztiek ziurtatzen baitzuten burbuilaren existentzia bera, ñabardurak ñabardura.

Makro-ustiategitik kanpo zegoena, aldiz, ez genuen ezta usaindu ere egiten; tartean santuren bat edo beste ez bazen. Orduan bai, orduan azaldu baserritarrak, gutiziak ekartzera. Talo eta txistorra usainek esnatzen zituzten lo genituen memoriak.

Konturatzerako, espazioa soberan dut, bost bat lagun hiru kilometroko itzulinguruan. Orain, gutxiengoan bizi naiz, populazioaren %11ren parte, hemen, landa-eremuan. Eta, hara non, egun batetik bestera, konturatzen zara, inortxo ere ez dagoela hona begira, hirirako input bila ez bada.

Horrela, egiten zaituzten parajeak sakrifizio-eremu izendatu dituzte –parke naturalak eta babes bereziko eremuak izan ezik, noski–. Hemen zerbitzu asko faltan ditugu, osorik izateko, hirian halaxe erabaki dutelako.

“Nahi duzun guztia, eskura une oro” zioten neoizko argien dirdirak ez gaitu itsutzen. Gurean, elkarren zaintza eta autogestio saiakera xumeak bilakatu dira egunerokoak –hiriko batzuk lagun–.

Ez da erraza, halere; agintariek erabakimena desjabetu baitigute, lurrarekin egin ohi duten bezala, denon hobe beharrez. Ezin utzi bazterrekoen eskuetan kapitalak behar dituenak, inondik ere.

Segunda regionaleko mendietako biztanleok zerbitzu eskasiara ohitu gaituzte. Baina jakin badakigu, halaxe bizi dugulako, landek eta mendiek egiten gaituztela; egunsenti edota ilunabarretan ortzimugak libre egiten gaituen bezain ongi, jakin ere.

Zergatik txertatu barrote –edo barra-kode– gehiago gure bizitzetan, eta sakrifikatu gaurko ogia eta askatasuna, nekez eskuratuko den oparotasunaren promesaren atzetik abiatzeko?

Haginaren itzalera itzuli naiz, menditar sena nuen zain. Konbentzimendu osoz.

Munduan leku bat
Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok... (+)
Arrazionaltasuna vs emozionaltasuna
Gezurra ematen badu ere, oraindik ere entzun egin behar dugu –gehienbat emakumeok– emozioak arrazionaltasunaren gainetik jartzen ditugula, eta horrela ezin dela taxuzko erabakirik hartu. Azken... (+)
Ekologiak hil du baserria
Nekazarien traktore uholdeek hartu dituzte Europako errepideak. Protestan dira. Diru kontuaz gain –sektoreko prekarietatearen adierazgarri betierekoa–, Frantziako Estatuko bi sindikatuk –FNSEA eta Laborari Gazteak– badituzte... (+)
Artilezko lastairan
Esango nuke artzaintzatik lan gehientsuenak gustuko ditudala. Artalde baten zikloan dauden sasoietan, ordea, erditze-garaia da kuttuna. Lerrook idazten ari naizen honetan, 25 arkume jaio dira... (+)
Eskuz idatzita
Begi aurrean duzun hau eskuz dago idatzita, irakurle. Ordenagailuz idazten ditut normalean hemengoak, baina gaur gorputzak halaxe agindu dit, behar duela hemen bere arrastoa utzi,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora