Baratzezaintza ez da ekintza arrazionala

Kirofanoko zuhaitza, hil eta bizi bat direnekoa

Adin nagusiko egin naiz duela gutxi: lehen infartu hartatik bizirik atera, iraun eta bizi; bizitza berrian adindun. Eskerrik asko Miren Telleria Arrieta kardiologoari eta bere lantalde osoari. Harrezkero, infartua infartuaren gainean, bere sintomatologian eta bihozminean iaiotua naiz eta ospitaleko bihotzaren sailekoekin ezagun egin gara. Ederra da adiskidetasun hori kirofanoan. Tutu bat zainetan barrena sartu eta iristen dira trabatutako bihotzeko arteriara. Pantaila bidez egiten dute lan eta zeuk ikusi eta jarraitu nahi al duzun galdetzen dizute; nik baietz, jakina. Horrek egiten ari zaizkizunari buruzko argibide sakonago gehiago dakartza, konfiantzan ere barrendu arteraino.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko irailaren 14a
Haginaren pozoia askatzen duen eta arteria baten barruan puztuta dagoen stent baten irudikapena. Beheko aldea kateterra da, atzera atera egingo dena bertan stenta soilik utziaz. Partikula txuriek haginaren pozoia irudikatzen dute.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Kirofanoko mahaian etzanda, pantailari begira, medikuak joia-kutxatilatxo bat ireki eta erakusten dit bitxi bat, malguki tankerako gauzatxo bat: “Hau jarriko dizugu. Stent bat da, Taxus IV izenekoa”. Eta nik: “Taxus? Taxus hagina da (Taxus baccata), hemengo zuhaitzik ospetsuenetakoa”. Eta berak: “Bai, haginak pozoi indartsu bat du eta horrekin blaitua dago stenta, arteriaren barruan kokatutakoan, bertan odoleko ezer itsatsiz gero hil eta odolaren igarobidea garbitu dadin”. Neure artean, zenbat ikasten den arbolez kirofano batean, ebakuntza bat egiten dizuten bitartean.

Ospitaleko zorabiotik atera arteko onik ez nuen Taxus IV horren berri bilatzeko. Hona: 1958an AEBetako Minbiziaren Institutu Nazionalak programa bat abiatu zuen minbiziari aurre egiteko gai izan zitezkeen landare gaiak bilatzeko. Arthur Stewart Barclay botanikariak, 1962an, lagin batzuk bildu zituen Pazifikoko haginarenak (Taxus brevifolia). Hurrengo urtean Research Triangle institutuko ikerlariek tumoreen aurkako gaitasuna baieztatu zuten arbolaren azalaren estraktuan. 1967an osagai eraginkorra isolatu zuten, eta 1971rako bere formula kimikoa azaldu zuten Journal of the American Chemical Society aldizkarian. Paclitaxela zen. “Taxola” ere esaten zaio.

Minbiziaren aurkako lana erraldoia izanik, ezinezkoa zen behar zen adina paclitaxela ekoiztea hagin espezie hartatik. Batetik, galbidean jarria baikenuen, hori ere, ordurako; eta, bestetik, paclitaxel gramo bakar bat lortzeko 10 kilo hagin azal behar baitziren... Stanfordeko Unibertsitateko Robert A. Holton ikerlariak zioen hagin handi batetik botika pixka bat besterik ezin zela sortu. Jauzi eta murgil egin eta muga hori gainditzeko lana bere lantaldeari zor zaio: ia-ia nahi adina paclitaxel sortzeko bide erdi-sintetiko bat asmatu zuten beste hagin espezie batzuetako arbolen hostoetan dauden gai aitzindariak erabilita, arbolak hil beharrik gabe. 1970ean New Yorkeko Albert Einstein Medikuntza Eskolako Susan B. Horwitz farmakologoak aurkitu zuen nola lan egiten duen botika horrek: tumoreetako zelulen ugalketa eragozten du. Egun, batez ere, birika, obario eta bularreko minbiziak tratatzeko erabiltzen da, “Taxol” izenarekin eta bere izenean erregistratua duenak, BMS farmazia enpresa estatubatuarrak, milaka milioiko salmenta izaten du urtero.

Haginak animalia belarjaleengandik eta gaitzak eragiten dituzten onddoengandik babesteko sortzen du bere pozoia. Heriotzarekin lotzen dugunez, hilerrietan landatzen genuen hagina milaka urtean aritu da tumoreetako zelula ugalketa eragotziz eta arteriatan odolari bidea eginez heriotza gehien eragozten duen molekula ekoizten. Eta onddoak hiltzeko da.

Etxe atarietan ere jartzen da hagina. Nik uste dut heriotzarekin lotura duen era berean hilezkortasuna ere adierazten duela, milaka urtean biziko den etxe horretako kastarena. Zuhaitz sakratu eta babeslea da. Antonio Cavanillesek dioenez, Lekeition, 1487an, oraindik udaletxerik gabe, hilerriko haginaren babespean bildu omen zen herri batzarra, eta Lekeitioko armarrian, balearen ehizako istorioaren aldamenean, hagina ikusiko duzu.

Nik bihotzean daramat, eta bizia eman zidan hagin haren bidez hagin guztiei bihotzez eskertzen diet hain azkarrak eta jakintsuak izatea.

Zer erein eta landatu, udazkena osasunarekin urratzeko
2026-09-07 | Jakoba Errekondo
Iraila udazkeneko maiatza dela esan ohi da. Hori horrela, abuztua apirila izango da, ezta? Jokoak joko, irail-abuztuak ereiteko sasoi aproposa dira. Aurreak erakusten du atzea... (+)
Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
gora