Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ari zara ikasten.

Inude landareak eta animaliok

Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak ere izan beharko lukeena: elkarrentzako, bata bestearentzako lana, bestearentzako jarduna.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko abuztuaren 31
Maaltza (Pyrus cordata) da inude landareetako bat. Udare ale ttiki-ttikia ematen du, eta heldu aurretik ahoratu ezin den horietakoa da; heldutakoan animalion bazkagarri bihurtzen da. Udaretxoak jan eta gero han eta hemen sakabanatuko ditugu aletxoak barruan zituen haziak, bere ongarri dosi egokiarekin, sabela hustutakoan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurten sekula baino lehenago heltzen ari da fruitu jendea. Ilargi baten aurrerapena dakarte udan heltzen direnek. Hilabete bat, ez da makala, alajainena! Ea zer martingala asmatzen duten fruitu horiek eraldatuz lan egiten dutenek: Malus domestica sagarretik sagardogileek, Vitis vinifera mahatsetik mahatsardogileek, Prunus spinosa basaranetik patxarangileek, Pyrus spp maaltzatik eta udaretik udareardogileek eta abar. Ez da hilabeteko lanen aurrerapen soila. Lan horietan maneiatutako teknika, nahasketa eta abar ezingo dira ohiko eran baliatu. Txortenez eta ailaz behera datoz igaliak eta hankaz gora nahastu dituzte horien egileen buruak. Dolare eta bukoitegietan korrika-ttiki eta dantza politak ikusiko dira aurten… Erreximentaginak eta marmeladagileak ere honezkero urduritu dira. Urterokoak dituzten fruitu nahasketak osatzea aurten zailagoa izango dute, baina horiek fruitu uztartze bitxienetara jarrita gauzkate jele jaleok eta, berrikuntzaren aitzakian, arin moldatuko eta egokituko dira.

Fruituen zain izaten diren gu ez besteko animaliekiko elkarlana ere aldatuko da aurten eta aurtendik atzera. Uda amaieran eta udazken hasieran basa fruituak urritzen direnean badira animalia ugariren bazka izan ohi diren aleak. Animalia gose horiek negurako erreserbak osatu behar dituzte eta jan eta jan ariko dira, baldin eta zer jana badago. Janari hori sortzen eta urte sasoi gako horretan heltzen dutenak inude landareak dira. Inguruko ingurumeneko lagunak zaindu eta elkarlana sustatzen dute. Elkarren berri aspalditik dute eta elkarren beharren berri ere bai. Eman eta hartu.

Maaltza (Pyrus cordata) da inude landare horietako bat. “Baso-makatza” eta “basaudare” ere esaten zaio, beste hogeitabosten bat izenen artean. Udare ale ttiki-ttikia ematen du, eta heldu aurretik ahoratu ezin den horietakoa da, aho sabaia erre egiten du; heldutakoan animalion bazkagarri bihurtzen da, bizi-gozo-geza. Azkonarrak, azeriak, basurdeak… Denok dugu gustuko. Udaretxoak jan eta gero han eta hemen sakabanatuko ditugu aletxoak barruan zituen haziak, bere ongarri dosi egokiarekin, sabela hustutakoan. Animalia askok bere kaka egiteko beste inude landare bat bilatuko dute. Landare horiek, arantzatsuak maiz, lurretik bertatik adakera itxikoak, kaketan edo zirinetan datorren hazi hori babestuko dute, baita handik sortuko den landaretxoari itzala eman lehenik eta landare berria animalia belarjaleen hortzetatik magalpetu ere. Landare hori inude landarea baino luzeagoa denean salbu da. Maaltza berri horrek berdindu egingo ditu bere hazia mugitu, toki egokian erein eta inude baten zaintzan jarri zuen animaliaren ondorengoen goseak. Bio-logikoa den eman-hartuen zirkulua ixten da, sekula geratzen ez den errotarriarena, denok beste guztien inude edo hazama.

AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora