Astelehenero 8:00etan zure epostan
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte batzuk eginez gero, geratuko da. Gainontzean ihartu beste infernurik ez du, aukeran, eginkizun.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Intsusa lorea.
Intsusak (Sambucus nigra) asko eman digu euskaldunoi, ikaragarri. Oharkabetasunaren herentzian edo ondorentasunean, amonaz ama etorritakoa dugu berarekiko errespetu ia sakratua. Gure gurtzen aldareetan baditugu landare asko: lizarra (Fraxinus excelsior), iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), haritz kanduduna (Quercus robur), ereinotza (Laurus nobilis), hagina (Taxus baccata), sahatsa (Salix spp.)...
Juan Mari Lekuona oiartzuar jantziak esaten zuen Euskal Herrian lizarra ez dela bedeinkatu beharrik, berez dela bedeinkatua. Antzeko mailan ditugu gure gurtegian hagina eta intsusa. Biek dute ospe eta onarpen “ulertezin” tankerakoa; aurrekoengandik jasotakoa. Gure lurraldeko beste inongo zuhaitz ez bezala, hagina pozoitsua da eta ezin konta ahal adinako erabilera izan du. Intsusak ez du pozoiaren lor hori, eta agian horregatixe eskutan izan dugu herenegun arte, baterako eta besterako, hamaika gauzatarako.
Etxe den eraikuntzarik ez da izan aldamenean intsusarik gabe, ezta abeletxe, heia eta tankerakorik ere. Bertan bizi direnak babesten ditu. Atari eta ate ondoetan jartzen da, gure amesgaiztoen imajinarioa elikatzen duten apo, musker, suge eta abar uxatzen dituenez, bizilekuetara sar ez daitezen. Ukuiluko etzalekuetan, azpien azpian, bere adarrak jartzen ziren animalia txar horiek aziendarengana hurbil ez zitezen. Adar horiekin jostailuak egiten ziren, adibidez aztunpa, plausta, balapunpa, boloka eta beste izen mordoa zituena. Adar gazteen bigarren azalarekin ukendu sonatu bat egiten da bere geografiako etxe ugaritan. Eta sasoi honetako loreekin edariak ere egiten dira. Gaur, bitxi bat azalduko dugu: intsusardo bikaina. Aurrez, kontuz! Sahatsa ez nahasi andura toxikoarekin (Sambucus racemosa): ahizpatzakoak dira, baina intsusak zuhaixka tankera du eta andurak, aldiz, belar handi batena, ez du egurrezko enborrik. Andurari, gainera, kiratsa dario, hostoak marruskatuz gero, zer esanik ez.
Honela egiten da: ondo garbitu sei-zortzi intsusa lore eta jarri beratzen litro bete ardo zuri on batean, egun pare batez; loreak gora atera ahala bultza ardopera. Ondoren, iragazi eta loreak zukutu tantarik ere ez galtzeko. Berriz iragazi oihal fin batekin. 100 g panela azukre eta 20 cl gustuko duzun uxuala edo edari bizitik gehitu, eskuera baduzu, probatu gereziarenarekin (Prunus avium). Itxi botila eta astindu hamabost bat egunez egunero eta etxeko tenperaturan, ilunpetan eduki ontzen.
Alkoholak aspertzen bazaitu, egin beste hau. Garbitu ondo 10-12 intsusa lore eta jarri 4 bat litroko ontzi batean. Gehitu 3,5 l ur garbi, 150-200 g azukre (azukre gutxiago badu, alkohol gutxiago), limoi pare bat zatituta. Ontzia erabat itxi gabe kendu argia eta nahasi 3-5 egunez egunero, loreak urperatuz. Oihal finarekin iragazi, botilaratu eta itxi. Aparra sortzeko, utzi 4 bat egunez etxe barruan eta gero hozkailura, kontserbatzeko. Zenbat eta lehenago edan, gozoagoa; gero bixitzen eta aparra indartzen joango da. Topa!
Edari horien kilima intsusa lorearen usaina da. Ba lore usaindunen sasoia hemen da. Egin edozeinekin ardo horiek.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545