Eguzkiak sanjuanetan dantza.

Hartz baratxuria eta larre lirioa

Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak adarrak dituen aldera, dena ezin ukituzko, pozoitsu, hilgarria denaren iritzikoa, natura bera eta naturala den guztiarekiko vaderetrosatanaszaleak, beldur bizia bizitzen dutenak. 

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko maiatzaren 11
Ezkerrean, hartz baratxuria (Allium ursinum), jangarri ederra. Eskuinean larre lirioa (Convallaria majalis), zeharo pozoitsua.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken andana horretakoei eskerrak eman beharrean gara, esaerak honela dio: “Beldurrak zaintzen du mahastia” (Vitis vinifera). Beldurrez ezin bizi diren horiek bakean uzteak ekarri du zoko-bazterretan landare askok irautea. Biba grazia oneko beldurtiak. Biba, hala berean, landare basati guztiak berdinak eta seguruak direla uste dutenak ere. Kontuz, baina, nahasmen batzuek ondorio larriak izan ditzakete.

Apirilak lehertzen du gure inguruan loretarako grina eta maiatzak loratzen du loraldia. Hara edo harago joan eta lorez hordituko zara. Hautatu nahi dituzun forma eta kolorea, eta ez zaizu neketsua izango dagokien lorea topatzea.

Loreak edo landareak jateko asmotan bazabiltza, komeni zaizu ondo ezagutzea ahoratu nahi dituzun horien ezaugarri guztiak, ahal dituzun gehienak: eitea, tamaina, hostoen, loreen eta fruituen formak, kolorea, usaina...

Adibidez, Maialen egunean, maiatzaren lehenarekin, gure mendietan bizi den lore bat oparitzeko ohitura zabaldu zuten frantziarrek. Convallaria majalis landaretxoak izenetik badu gurean: “mugeta” esaten dio Wikipedian haren orria idatzi duenak, baina, era berean, hauek jasotzen ditu bertan: Gure Damaren Malkoak, Mariaren Malkoak, maiatzeko lilia, maiatzeko kanpaiak eta bailarako lirioa. Lurpeko sustrai-errizoma batetik sortzen den landare txikia da, asko jota 30 cm-rainokoa, eta bakulu forman luzatutako txortenean zintzilik ditu txintxarri itxurako 5-15 loretxo txuri. Aparteko dotoreziari zabaltzen duen usain fina erantsita, erraz jabetuko zara bera oparitzearen zergatiaz. Entziklopediako izen horiez gain, Lakoizketak bere 1888ko Diccionario de los nombres euskaros de las plantas ederrean eskaintzen dion orri osoan “lar-lirijua” jasotzen du, larre-lirio edo lar-lirio, lirio basati, alegia. Juan Martin Hiribarren Saint Martin azkaindarrak 1860 inguruan idatzitako eta argia ikusi ez duen hiztegian “izar-belar hezea” jasotzen du. Umandik bere hiztegitzarrean “mugeta” izenaren bidezidorretik “mugetatze” ere jasoa du, “aranetako lilia” azalpenarekin.

Garaitsuan loratzen da hartz-baratxuria (Allium ursinum). Hori basa porruarekin nahasten da maiz hiztegietan (mahasti forrua…). Hau lurpeko baratxuri tankerako erraboila batetik hazten da, 30 cm ingururaino. Baratxuri horrek lore zuria du baina ez da txintxarriz osatutako zintzilikarioa, gora begirako izar tankerako multzoa. Baratxuriaren antzeko usaina du eta zenbait sukaldarik ederki asko maniatzen dute.

Horretaraino ezagutzen ez dituztenek nahas ditzakete, eta ez da komeni. Hartz baratxuria elikagai ederra da, jaki gozagarri bikaina, baratxuri antzeko dastarekin, bixi punttu ederragogailuarekin; entsaladan edo motrailuan xehetuta lagungarri ederra da. Saskikadak jaisten dira orain Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako kareharrizko mendietatik.

Larre-lirioa, aldiz, ez okurritu dastatzea, zeharo pozoitsua da, zenbaitetan hilgarria.

Ez nahasteko, hartz baratxuri jangarriak izar itxurako lore multzo tentea du eta lurpean erraboila borobil bakarra. Larre lirio toxikoak lurpean errizoma luzea, ez borobila, eta lore bakulua txintxarri antzeko zintzilikarioekin. Lurpekoak ikusi gabe eta loreen faltan, hostoak marruskatu: jangarriak baratxuri urrin nahastezina eskainiko dizu.

Larre-lirio sorta oparitzen badizute, zorte ona dakarrela diote frantsesez. Kontuz baina, fidatzen al zara?

Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
gora