Martxo lehorra, maiatza bustia.

Gosariaren plazerak

Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik dagoen gorringotan lerdatu eta ahora. Ordurako, “Komonerako Bidea” deituriko erlijiozko eguneroko eginbeharrak betetzeko bi kiwi aleak (Actinidia deliciosa), eta gosea baretzeko banana (Musa paradisiaca) esnatze bideko antsiatan irentsita.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko apirilaren 13a
Hortentsia (Hydrangea macrophylla).
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gorringoaren zarpiadura lodia ahoan, leihotik begiratu eta atariko lizarraren (Fraxinus excelsior) abaroan, hortentsia familia (Hydrangea macrophylla, Hydrangea arborescens “Annabelle” eta Hydrangea paniculata “Ilvobo”) indarrean kimuberritzen, zein baino zein argi luzeagoko egun hauen etekina hobetzeko ahaleginean.

Eta urteroko burutazioak garraztu dit gorringoaren gozoa: aurten ere hortentsia eder horien loretzarrak lehen eurite ziztrinarekin makurtu eta lur gainean etzango ote dira? Hortentsia indar handiko landarea da. Hor dago neguan, soil-soilduta, ez balego bezala, eta martxoan, laster egun argia gau ilunpea baino luzeagoa izango dela sumatzen duenean, egundoko kemenarekin kimutu eta hosto kuadrilla tolesgabetu eta zabaltzen du. Adar mehe hauskor arrea zena, berde biziena, bizinahiena bihurtzen da. Hortentsiak denbora tarte motxean ikaragarrizko lanak egiten ditu: hosto handi gogor mordoa hedatu, urtero urteetan irauteko gaitasuna kateatuko dion erreserba meta osatu eta arrabete baino handiagoko loretzar sorta galanta eman. Ekinaldi horri indar-hustu gabe eta adorea galdu gabe eusteko, komeni da urtero-urtero aparteko ongarri dosia sustraieran jartzea. Ongarri erabilienak, onenak, ustelki organikoak dira: simaurra, satsa, luarra, pinu orria eta azala, gaztainondo ipurdiko (Castanea sativa) edo txilar azpiko (Erica spp, Calluna vulgaris eta Daboecia cantabrica) lurrustela, orbel lurra eta abar. Ongailu basara eta luhumenda horiek denek, erruz daukate hortentsiak ugarien behar duen jaki nagusia, nitrogenoa. Horrek kimua pizteko, adarrak luzatzeko, hostoak haziz destolesteko eta loreak begietan erakutsi eta bikain eta eder irekitzeko adina indar emango dio.

Gero hartuko du flakiak. Luze berde haziko da, baina pattal. Denbora gutxian eraikitako obra horri denari eusteko indarra ematen dioten jatenak faltako ditu. Ahalegin erraldoi horren emaitzari gogor eta tinko eusteko, kaltzioa faltako du. Kaltzioak egiturak, etxeak indartzen ditu, gure hezurdura bezala landareetan. Hosto, adar, lore eta fruituak gogor eta sendo izateko, kaltzioa behar dute. Eta loreak ondo zabaldu eta erakusteko, potasioa beharko du. Bi elikagai horiek ez daude gure ustelkietan. Beste nolabait eman beste aukerarik ez dugu.

Eta ni, burua hausten, alditxartuta hortentsiari datorkiona asmatzen. Eta bapo gosaltzen. Bada horra hortentsiaren poza eta zoriona. Arrautzaren oskolean kaltzioa eta banana azalean potasioa. Oskolak bildu, motrailuan txiki-txiki egin edo makinaz eho eta udazkenaren amaieran lurrari nahasi. Banana azalak uretan usteltzen eduki eta desegin direnean, harekin ureztatu nahi duzun guztietan.

Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
Geroxeago bueltatu zaitez
2026-03-23 | Jakoba Errekondo
Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin. (+)
Lurrustela, etxekoen ametsa
2026-03-16 | Jakoba Errekondo
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da. (+)
Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
gora