Abenduan elurra altzairuz, urtarrilean burdinez, otsailean zurez, martxoan lurrez, apirilean urez

Geroxeago bueltatu zaitez

Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko martxoaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Izan ere, bada jende klase bat, bere klasekoa ez den jendea animalia bezalakoa dela dioena, lasai asko gainera, klasismoaren eta babalorekeriaren garai hauetan. Babaloreak pentsatzen du bera harroago dagoela, gorago, zerurago, zutago. Eta irri egin eta besteen lepotik barre egiten dute; batez ere, eskuak zikintzen dituzten horien lepotik. Eske, mende honetan eta eskuak zikindu beharra! Babalorea ez da jabetzen bere amari, amonari, birramonari, herenamonari ari zaiola burla egiten, haiek zikintzen baitzituzten eskuak beren egunerokoan: lurra lantzen eta sukaldean. Erarik naturalenean bizita eta bizitza eta osasuna zabalduta. Horrek beharko luke beti bidea. Horretarako haizeak eta zaputzaldiak utzi eta betiko erretolika beharrean, denok animaliak garela ikasi eta kitto. Denok animalia bera gara.

Animaliek ederki dakite landareekin ere elkarlanean aritu beste aukerarik ez dutela. Burujabe gara, baina elkarrekin. Bat eta bakarra bakarrik iraun eta bizi daitekeela sofisma amarrutsu bat besterik ez da, gezurkeria galanta.

Gorritutako lur batean baso izan nahi duen komunitateak ere badaki ehunka urte beharko dituela nor bikainena izateko. Hasteko lahardi (Rubus spp.) bat izango da eta gero sasia. Sasi hori egitura bat da, babes eraikuntza bat. Kaiola baten forma du, babes kaiola, ez itxitura, ez kartzela. Animalia asko bizi eta babesten da sasipean, sasia habia du. Hor egingo du bere habia eta jakiak ekarriko ditu bertara, bere seinentzako, bere umeentzako. Jaki asko hazi dira, landare ugariren haziak. Haziak berez ere etorriko dira beren hedatze sistemak baliatuta, animalien bizkarrean, ilajean, lumajean eta abar itsatsita, edo haizeen altzoan. Sasipe hori landareen habia ere bada eta hor haziak hozitu eta jaioko dira berriak. Animalia landarejaleen hortzetatik arantzek magalpetu eta zainduta. Zuhaixkak edo zuhaitz landare ttikiak hasieran itzala behar du eta horra sasi-geriza. Luzatu eta kimurik indartsuena sasitik kanpora azaltzen denean eta argia dastatzen duenean, oldarrean luzatuko da. Luzatu eta luzatu, gero berak sortuko du sasitza ama akabatuko duen itzala. Beste batzuen geriza, habia eta babes izango dena.

Antz-antzekoak dira naturan ibilbide natural guztiak. Berdina gertatzen da loreekin eta erleekin. Milaka urtetako elkareboluzioaren ondoren, majo dute elkarren berri. Sasi horren eta beste edozein landareren loreak karga elektriko negatiboa du, eta guretzat entzungaitza den doinu jakin bat sortzen du. Erleek hegazkaldian karga elektriko positiboa dute eta beste doinu bat egiten. Elkar erakartzen dute. Erlea lorean pausatzen denean, karga elektrikoa berdindu eta neutralizatzen da, eta doinuak ixildu egiten dira. Erleak nektarra zurrupatuko du, eta, horra gertaeratzarra: loreko polenak salto egiten du erlearengana. Bisitekin loreari bere karga elektrikoa apaldu egiten zaio, eta horrela, ondoren datozen erleei adierazten die ez daukala haientzat nahiko nektar. Hauxe esaten die: geroxeago bueltatu zaitez.

Lurrustela, etxekoen ametsa
2026-03-16 | Jakoba Errekondo
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da. (+)
Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
gora