San Migel maiatzeko, gure soroa laiatzeko.

Gazta bereziak eta betikoak, Olagueko gaztandegi txikian

2020an, justu pandemiaren aurretik jarri zuen martxan Maria Cilveti Anduezak Tia Maritxu gaztandegia Olaguen, Anueko bailaran (Nafarroa). “Nire etxean beti egon dira ardiak, gurasoek gazta egiten zuten eta gogo hori banuen, baina ordura arte beste lan batzuetan aritu nintzen”, adierazi du gaztagileak. Gurasoek gaztandegia itxia zuten berak proiektua abiatu zuenerako, baina ama izan berritan erabaki zuen bizitzan aldaketa egitea eta gurasoen gaztagile ofizioa berreskuratzea. Hori bai, aldaketa nabarmenekin: eskala oso txikian ekoizten du gazta, eta etxean egiten zuten betiko ardi gazta onduaz gain, bestelako gazta bereziak ere egiten ditu.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko urtarrilaren 12a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Proiektua abiatu aurretik han-hemen ibili zen Cilveti hainbat gaztandegi eta proiektu bisitatzen eta gaztaren inguruko ikastaroak egiten. “Hogei ardi besterik ez nituen hasi nintzenean, gurasoen artaldetik gelditzen ziren gutxi horiek”, dio. Hurbileko beste artzainei erosten zien esnea, baina pandemian osabaren ardiak hartu zituen eta pixkanaka artaldea handitzen hasi zen. “Gaur egun ia gazta guztia nire artaldetik lortzen dudan esnearekin egiten dut. Latxa arrazako muturbeltz adardunak ditut”. Bera bakarrik dago proiektuan eta ehun bat buru ditu, talde txikia, nondik begiratzen den. “Gazta egiteko artalde txikia da berez, baina niri nahikoa lan eskatzen dit”, dio umorez.

Urtaroei guztiz lotutako maneiua egiten du artzainak: negu partean eta umealdi garaian Olagueko ukuiluan izaten ditu eta herriko belardietara ateratzen ditu bazkatzera, eta jezte garaia bukatzen denean mendira igotzen ditu, Okolin eta Saioa ingurura.

Okolin mendian ardiak ikusten.
Gaztarekin eta hartzidurarekin jolasean

Betiko ardi gazta ondua egiten du Cilvetik, baina hasieratik argi zuen bestelako gazta motekin probak egin nahi zituela. “Etxean betidanik egin izan den hori egiten segitzen dut, baina erronkak ere nahi nituen, eta dibertigarria zait probak egitea, gazta desberdinak bilatzea…”. Esnearekin eta hartzidura prozesuekin jokatzen hasi zen, eta jezte garaian pasta biguneko camembert moduko gaztak ere egiten ditu. “Koagulazio laktiko bidezko beste batzuk ere egiten ditut, eta horietan ere azalarekin eta formarekin jokatzen dut: adibidez, azal beltza du batek landare-ikatza duelako, beste batek oreganoa edo albaka daramatza azalean, beste batek piperrautsa…”.

Okolin mendian behera ardiak jaisten.

Olaguen "Tia Maritxu" dendatxoa du Cilvetik, eta bertan saltzen du gazta kopuru handiena. Pozik dago bizitza berriarekin eta gaztandegiak daraman martxarekin, baina bidean zailtasun asko topatu dituela nabarmendu du. “Herrietan jendea falta dela asko esaten da, baina pena da hemen bizitzea eta lan egitea hain zaila izatea, hainbeste tramite egin behar izatea, baimenak… proiektu hauek bultzatu eta gure lana erraztu behar luke administrazioak, trabak behin eta berriz jarri beharrean”, amaitu du.

Baratze eta sukalde munizipala, herri langileek aurrera eramanak
2025-12-29 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatzate Urruñako Herriko Etxean zirkuitu laburrak eta tokiko elikadura bultzatzen. “COVID-19a bizi izan genuenean argi gelditu zen hurbileko mozkinak beharrezkoak direla, kamioiak hiru egunez... (+)
Artilea da artea, eskola eta agroekologia lotzeko bide posible bat
2025-12-22 | Garazi Zabaleta
Abenduaren 12an irakasleei eta hezkuntza komunitateko kideei zuzendutako jardunaldi berezia izan zen Zaldibiako (Gipuzkoa) Goizane zentroan: Artilea eskoletan.  (+)
“Landareekin arropa tindatzea da nire ofizioa”
2025-12-15 | Garazi Zabaleta
Duela 30 bat urte ikasi zuen Aitor Bastarrika gipuzkoarrak landareekin eta bestelako naturako elementuekin tindaketak egiten, Guatemalan bizi zenean: “Han ikasi nuen landareekin tindatzen, eta... (+)
Sagardoa merke… baina noren bizkar?
2025-12-14 | Garazi Zabaleta
Pasa den uztailean ENBA nekazal sindikatuak sare sozialen bidez salatu zuen Euskal Sagardoa Jatorrizko Izendapenerako sagar ekoizleak galeretan ari zirela lanean. Oharrean ziotenez, ekoizpen kostuak... (+)
Nola banatzen dira herri-lurra, eta nola kudeatu?
2025-12-08 | Garazi Zabaleta
LeitzEKO Kontsumo Taldeak Izan burujabe jardunaldiak antolatu zituen eta horien baitan, NPB Nekazaritza Politika Bateratuari –PAC delakoari– buruzko mahai-inguru interesgarria izan zen azaroaren 6an Leitzako... (+)
gora