Astelehenero 8:00etan zure epostan
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin aproposagoan!". Goian eta egutera, hori da gurearen zortearen uztarria. Goian, errio inguruko behe laino eta terraletatik urrun, eta eguteran, itsasaldeko eguraldi makurrenari gibelaz itzulita. Zortearen biko uztarria bai. Ezagutzen ditudan ia uztarri guztiek dute tailatua haginaren hostoa (Taxus baccata). Argazki hori jarri nahi izan dut Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburu berrian haginaren orrian, eta hortxe duzu. Izan ere haginak, zortetik haratago, babesa eta kemena ematen dizkio daramanari. Hori gutxi balitz bezala, gure etxea Aginagan da.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Hagin hostoa uztarriaren babesle, bertan grabatua.
Gurerako bidean aurreko etxea miresteko modukoa da, antzinakoa eta, oraindik ere, ikusgarrizko zurajea erakusten duena. Bidearen beste aldean etxe-ordeko koskor polita du. Honen aldamenean, etxearen mendebaldean, lizar moarratu (Fraxinus excelsior) handi bat eta ereinotz (Laurus nobilis) ale bikaina ditu.
Garai bateko sinesmenen arabera jartzen ziren landareak dira, biak; etxe ondoan babes handia sortzen dute, eta hori ez da sinesmen hutsa, milaka urteko jardunaren ondorioz jakituria bilakatua, sinesmena segurtamena bihurtua. Edo, agian, segurtamena zena gero erlijio batek bereganatu eta sinesmen bilakatua? Guri bost, hor bizi dira bi landareak elkarren ondoan, dibortzio beharrik gabe.
Biak etxearen sartaldean daude, itsasaldetik ia urte osoan erasotzen duen mendebala menderatu eta eraikuntzari egin diezaiokeen kaltea apaltzeko. Berez ere etxeak sartaldeko horma lodian leiho ñimiño bat eta ate bat besterik ez ditu. Horrelako adibideak nahi dituenari gomendatzen diot Asier Gogortza argazkilari handiak egin zuen Mendebalde bilduma ederra ikustea.
Lizarrak badu mamitik, eta hurrengorako utziko dut, ereinotzarengan abaroratzeko. Maiz ikusiko duzu baserri eta bordatan ereinotza babesle. Hostaje bete-bete trinkoa du, neguan ere ederki eusten diona, etxea urte osoan magalpetuz. Lan hori bera behar duen besterik bada etxe ondoan, han ere topatuko duzu: oilategi, eskorta, esparru… Haize ufadak desbideratu, euriteen suilkadak ahuldu, ekaitzen bultzadizoak baretu, etxeko ereinotzaren lana ez da poetak dioen saguzarraren eguerdiko doministikua.
Gure lurraldea, gure kulturaren lurraldea, moldatu eta oratzen dute lurrak, klimak eta gure jardunak. Lurra duguna da, gu gabe ere berezkoa dena. Klima kokapen geografikoak baldintzatzen du eta bere eragina oso nabarmena da. Gure itsasaldeko gune batzuetan Makaronesian gaudela dirudi, eta hango bioma dugula. Makaronesiak (Azoreak, Kanariak, Madeira, Selvagens eta Cabo Verde) badu baso berezia, ondo berea: laurisilva edo ereinotz oihana. Ereinotzak garrantzi berezia du baso horretan, hango klima eta bera ogi eta jaki dira.
Hemen, gure auzune eder honetan, ereinotza ere nonahi sortzen da. Makaronesiaren mutur batean bizi gara; haien klima eta gurea uztarri berean datoz Mexikoko Golkotik, Mexikoko itsaslasterrak itulan hartuta. Itsaslaster horrek, baina, toki bakoitzean ohitura eta jakintza bereziak haizatzen eta erreusitzen ditu. Gurean ereinotza ez da sukaldean erabiltzen, eta babesle bai, landatuta eta gurtuta. Gurtzarena kristauen sektak haize mediterraneoaren laguntzaz ekarria ote den ikertu beharko litzateke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545