San Matias, erein tuk azaziak bilduren tuk aza handiak

Denak ez ditugu lagun

Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde egiterakoan ere. Merezia dugula dio Goikoetxeko Joxepak, "ondo merezia", azkentzen du.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko martxoaren 02a
Zume negartia etxe aurrean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Egun hauek, argia luzatuta eta lurraren tenperaturak gora eginda, negua igarotzeko hostaiari eusteko hautua egiten duten landareak landatu edo birlandatzeko egunak dira. Azkar ibili, beranduenera apirilean egin lan hori. Salbuespenezkoak dira palmondoak; berozaleetan berozaleenak maiatzean landatzen dira, lurrak ondo hartzeko.

Izango da baten bat hostoa galtzen dutenak landatzeko ederlana atzera gelditu zaiona edo utzi duena, eta oraintxe muturka eta presaka dabilena landarea eskuratu, zuloak egin edo lotzeko hesolen bila.

Itsumustuan ibili beharrean, itsutu behintzat ez egin. Ondo hautatu jarri nahi duzun landarea. Zuhaitzez eta arbolez ari bazara ondo aldebanatu lagunak eta etsaiak, pertsonekin bezalaxe. Hona etxetik hurbil jarriko ez nituzkeen batzuk, edo, jartzekotan, ondroso ibili tartea erabakitzerakoan.

Zume negartia (Salix babylonica): bai, “sahats negartia” esaten diote askok, egarriak bizi duen arbola da. Kontuz. Uraren tutuak topatzeko usaimen berezia du. Behin aurkituta, akabo! Sartuko da urari aurrea hartu nahian eta sustraiz bete eta lehertuko dizkizu.

Makala (Populus nigra): hogei urteko gaxtea, 30 metro garai egin daiteke. Horretarako ur emari agorrezina behar du eta zume negartiak bezala sudur berezia du sustraietan. Bide, terraza, zutabe… denak airean hartuko ditu.

Platanoa (Platanus x hispanica) eta haritza ere (Quercus robur) urzaleak dira, eta, zumeak eta makalak bezala tutuetarako grina hori ez badute ere, egarria asetzeko, lurrak lehortu eta uzkurtu egin ditzakete, eta eraikuntzen zimenduak, euskarriak eta irozgarriak desegonkortu.

Pikondoak (Ficus carica) eta aranondo handiak (Prunus domestica) hezetasuna lardaskatu eta itxulasten dute; tartean, hodi, hustubide, erreka estali, lur azaleko putzu eta abar. Ez harritu bere inguruan buxadura arraroak, urasetze errepikakorrak eta abar pairatzen badituzu.

Burutapen xelebreak direla tarteko: sasiakazia (Robinia pseudoacacia) erraz hautsi eta erortzen delako; indi gaztainondoa (Aesculus hippocastanum) jan ezinezko gaztainak enbarazu eta traba besterik ez dutelako sortzen –teilatuetan, adibidez– eta adar jende oso hauskorra duelako; magnolia lore handiaren (Magnolia grandiflora) hosto gogorrek ere berdin; urkiak (Betula spp.) eta Txinako udareondoak (Pyrus calleryana) eramanezina den polen laino handiak sortzen dituztelako, eta leihoak itxita egon beharko duzulako udaberriaren mokoan. Eta abar.

Hautatzerakoan dena izan kontuan. Edo bat bera ere ez. Izan ere, drama gutxi. Drama behar da, jakina. Drama edertasuna ere bada. Zertarako, bestela, Yon Etxaide Itharteren Amaiur, Shakespeareren Hamlet eta Julieta eta Romeo, edo Jon Miranderen Haur besoetakoa, edo Picassoren Gernika? Landatzailea landatze ederlanera.

Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
Trikuaren salbabidea
2026-01-19 | Jakoba Errekondo
Askatasunak neurria du. Bizitzeko askatasunak neurria du, neurri zehatza, trikuaren kasuan 13x13 cm2. (+)
gora