Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eskolarako eta adinekoen etxerako otorduak prestatzen dituen Bidarteko sukalde zentralak 150.000 plater prestatzen ditu urtero, eta Miarritzekoak, berriz, 200.000. "Orotara 350.000 otordu dira, eta frantses legediak horrelako sukalde zentraletan osagaien %20 gutxienez biologikoan ukaitea eskatzen du", azaldu du Julien Duflo Bidarteko Herriko Etxeko zerbitzuen zuzendari nagusiak eta Erroberri baratze-proiektuaren bultzatzaileak. Eskaintza biologikoaren gutxienekora iristeko zailtasunak zituzten, batik bat bertako barazki ekoizle ekologikoak topatzeko. Horregatik erabaki dute bi herriko etxeen artean baratze proiektua martxan jartzea. "Erroberri baratze proiektuarekin barazki ekologiko beharraren %80 estaltzea espero dugu", dio.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.

Lursaila prestatzeko lanetan ari dira momentu honetan, baina espero dute 2027ko hasierarako obrak bukatzea, landaketak egitea eta udaberrian lehen barazkiak biltzen hastea. 4,5 hektareako lursaila du proiektuak, baina hektarea eta erdi inguru landuko dituztela azaldu du Duflok. "Ilbarritz auzoko lurrek badute berezitasunik, itsasertzean kokatzen baitira eta harea asko dute, zenbait barazki ekoizteko, azenarioa adibidez, oso egokia dena", adierazi du. Hain justu bi udalerrien arteko mugan dago Ilbarritz auzoa, Bidarteko lurretan.
Ekoizpena eta lan egiteko moduak ahalik eta ekologikoenak izatea nahi dute proiektuaren bultzatzaileek, eta ur faltagatik sor litezkeen arazoei aurre hartu nahi izan diote Erroberri proiektuan: "Urari begira autonomoa izateko pentsatua izan da proiektua: euri-ura errekuperatzeko 1.800 metro kubikoko berreskuratze-ontzia eraiki dugu". Lurra zaintzeari begira ere teknika zehatzak erabiliko dituzte Erroberrin, lurreko geruzak errespetatuta egiteko landaketak. "Egitasmoa ahal bezain ekologikoa eta ingurumenari begira ahal bezain iraunkorra izan dadin nahi dugu", gehitu du.

Urte osoan bi langile kontratupean izanen ditu Erroberri baratze proiektuak, eta sasoi betean sasoilari bat ere kontratatuko dute. "Urte osoko bi langile horiek herriko etxeen langileak izanen dira", adierazi du Duflok.
Laborantza proiektu honek garrantzia handia duela nabarmendu du bultzatzaileak, izan ere, Ipar Euskal Herriko kostaldean laborantza egiteko aukera egon badagoela erakutsi nahi dute Erroberrirekin. "Biziki proiektu zaila da, ikusiz nola urbanistikoki kosta guztia betea den, baina bada manera bat laborantza berriz kostara eramateko, eta euskal kostan laborantzatik bizitzeko aukera badagoela erakusteko", amaitu du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545