Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zalgurdi forma du Kata Gartziak Jauntsaratsen (Nafarroa) ireki berri duen Jan Talo janari postu mugikorrak, eta izenak argi adierazten duen moduan, taloak dira protagonista. Hori bai, betiko talo eskaintzatik zertxobait desberdintzen saiatu da basaburuarra. “Taloen food truck-aren ideia aspalditik nuen buruan, bertako produktuak eta ekoizleak bultzatzeko modu egokia izan zitekeela iruditzen baitzitzaidan, eta haragirik jaten ez nuen garai luze batean ohartu nintzen alor horretan ere hutsune handia zegoela”, dio. Izan ere, aukera begetariano eta beganoa eskaintzen ditu Gartziak, baita glutenik gabekoa ere.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Jan Talo postu mugikorrean darabiltzaten osagai guztiak ekologikoak dira, eta jakina, taloak egiteko irina ere bai. “Garrantzitsuena bertako artoa lortzea zen niretzat, eta ekologikoa topatuz gero, hobe. Eta aurkitu genuen! Pagolako ekoizleari erosi diogu aurten, gainera, arto gorria egiten zuen ekoizle berak, eta ahal genuen guztia hartu genion”, azaldu du. Izan ere, Ipar Euskal Herrian bertako arto barietate hori berreskuratzeko lan handia egin dute, eta horri ere balioa eman nahi izan dio proiektuaren bultzatzaileak. Artoa Zubietako (Nafarroa) errotan xehetzen du.
Arto gorriaz gain, arto arrunta ere erabiltzen du dena den, eta postua irekitzen duen egun bakoitzean bezeroei taloak zein artorekin egin dituzten adierazten die: “Esaten diet, tira, gaur arto gorriarekin egindako taloak ditugu, edo gaur arto horia tokatzen da…”. Inguruan bertako arto barietateak desagertzen ari direla gogorarazi du, eta horiek babesteko eta berreskuratzeko han-hemen abian diren egitasmoak hurbiletik segitzen ditu, Baztanen, Malerrekan eta Basaburua Txikian berriki egin duten lanketa, esaterako. Tokiko barietateei aterabidea emateko bide berrien artean koka daiteke Jan Talo egitasmoa ere.
Mometuz, Jauntsaratsen (Basaburua) ostiral eta larunbat arratsaldetan jartzen du postua Gartziak, baina gurdia mugikorra izanik, herriz herri mugitzeko aukera ere badu. “Gurea bezalako bailaretan, landa eremuan, herri asko dauden tokietan, uste dut zerbitzu osatuagoa eskaini dezakedala postu ibiltaria edukita eta mugitzeko aukera izanda”. Modu horretan, festa egun bereziak, azokak eta antzeko ekimenak daudenean, horietara hurbiltzeko aukera ere izanen du. “Gurdia egokitzeko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dut, eta tira, proiektuaren bultzatzaile nagusia ni izanda ere, ingurko jendea asko ari zait laguntzen”, dio.
Taloen barruko osagaiei dagokionez, gauza bereziak eskaintzen saiatzen da, garaian garaiko osagaiak erabilita: txistorra eta oilaskoa, tipula potxatua, gazta, hummusa, guakamolea, txokolatea fruitu lehorrekin… “Taloak aldatzen joanen naiz garaiaren arabera, orain udaberri eta udako produktuekin osatuko dut menua”, adierazi du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545