Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko erreta. Erreketa horretan suak pasata bezala azaldu da gero zuhaitz asko.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Eguzkitzeak sagarretan sortutako erredura.
Ekainak badu mugarri izaera. Mugarri berezia, sasoieroko bakarra; artamugarria esango nuke, sarobeetan erdi-erditik etxe batentzako jakia mugatzen duen zirkulu perfektua den mendi saila. Artoa eguneroko jakia baita, landarea ere bai (Zea mays edo artatxikia Panicum miliaceum), baina “arto” hitzaren jatorri grekoak, ártos, eguneroko jakia edo ogia adierazten du.
Ekainak urtea janztea, zer jan, eta urteko jakintza, zenbat jaki izango dugun, lotzen ditu. Arboletara lotuta, helduak diren gehienak fruituak gobernatzen ari dira, hazi kementsuak sortze bidean. Egun luzeenetan daude eta badakite, argiaren gainbehera datorkie. Egun hotzenak eta argi motzenak iritsi bitarteko bere bizimoduen traza zehazteko deliberamendu garaia da, erabakiak hartu beharrean dira.
Agorraldiz jantzitako ekain honetan erabakiak hartu dituzte, bai, hartu dituztenez. Biziraupen teknika ikastaro handirik gabe badakite zer egin.
Fruitu ale handiak dituzten arbolek asko sufritu dute. Ale asko eguzkitzetan erreta, eguzkiak pasata geratu dira. Erraz ikusiko duzu eguzki kolpe horren beltzunea sagar (Malus domestica) askotan, arbolek gainetik kendu eta lurrera botatzen ez badituzte. Karmele lagunaren limoiondoak, erre gabe ere, ale guztiak lurrera botatzea erabaki du, biziko baldin bada.
Beste askotan hostajea suak pasata ageri da. Batzuetan adaburuaren alde bateko adarretako hostoak gorritu eta ihartuta, eta beste batzuetan ia hosto guztiak. Baten batean, eutsi ezinik botatzera behartuta, hosto guztiak lurrean ikusi daitezke.
Arbola espezie batzuk sentiberagoak dira, hezetasun eta hotz handiagoak maite dituztelako. Beste batzuek bizitokiaren arabera sufrituko dute, sustraiak nahikoa luzatzeko aukera ez badute, itzal ordu gutxiago badituzte, hiritartutako toki elkor eta betelan zakarretara kondenatu bazituzten, gaixo edo izurriteren batek erasota akituta eta indar-hustuta harrapatu badu sikateak. Eta txarkeria eta nokieroko botika horiek denak batera nozitu behar izan duenik ere izango da.
Hauek behintzat ikusi ditut gaur arte ekainak erasanda: dabidia (Davidia involucrata), tuliperoa (Liriodendron tulipifera), ginkgoa (Ginkgo biloba), pagoa (Fagus sylvatica), limoiondoa (Citrus limon), urkia (Betula spp), ezkia (Tilia spp), zumarra (Ulmus spp), irasagarrondoa (Cydonia oblonga), gurbeondoa (Sorbus domestica) eta mizpirondoa (Mespilus germanica).
Erabaki erabakigarriak hartuta, batzuk asmatuko dute, beste batzuk alferrik ariko dira. Izan ere uztailak, abuztuak, irailak eta urriak ere erre bero eta lehorrasko izaten badakite. Eta beroarena ezin kendu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545