Ongarri onena baratzezainaren itzala da

Basoaren aldeko basogintza, animalia trakzioarekin

Oñatiko hiru gaztek sortu zuten 2024an Lorran proiektua, baso lanak filosofia jakin batekin egiteko asmoz. “Basogintza jasangarri baten aldeko zerbitzuak eskaintzen ditugu Lorran proiektutik. Arreta gehien animalia trakzio bidezko lanek ematen dute, baina denetik egiten dugu: desbrozatzeak, motozerrarekin lanak…”, azaldu du Jon Etxarri kideak. Unai Bikuña eta Gorka Guridi ditu proiektukide, eta urte eta erdi pasatxoko ibilbidean, Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere aritu dira lanean.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko urriaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Proiektua abiatu aurretik bestelako ogibideak zituzten gazteek, fabrikan eta baserrian. “Dena dela, hirurok genuen basogintzarekiko interesa, eta ikusten genuen arlo honetan lan egiteko aukera egon zitekeela”, dio. Kataluniara joan ziren animalia trakzioaren inguruko formazio saioak jasotzera, eta momentu horretan erabaki zuten abenturan sartzea. “Animalia trakzioa garai batean basoan erabiltzen zen metodologia da: idiekin, behorrekin edo mandoekin tiratzen zen egurra basotik ateratzeko”.

Momentuz, hiru behorrekin ari dira lanean Lorran proiektuko kideak, baina mandoak ere hartu dituzte orain, eta horiek hezten ari dira. Animaliekin lan egiteak abantailak eta desabantailak dituela dio basozainak, baina haien hautua argia da. “Abantailen artean, ingurumenean sortzen den inpaktua oso txikia izatea da nagusiena: ez da pista berririk zabaldu behar, lurrean ez da ia arrastorik uzten eta oso selektiboki atera ditzakegu arbolak”. Makinekin alderatuta, animalien indarra mugatua izatea da txanponaren beste aldea, eta horrek lanak modu zehatzean planteatzea eskatzen die. “Maldan behera ateratzen dugu egurra, eta orografia baldintza jakinak eskatzen ditu lan honek”.

Baso heterogeneoen bila 

Pro Silva basogintzaren kontzeptua aipatu du Etxarrik, basoaren aldeko basogintza litzatekeena: “Basoan heterogeneitatea bilatzea du oinarrian kontzeptu horrek. Gaur egungo eredu nagusia landaketa handi bat aldi berean egitea da, eta gerora, mozketa ere berdin, matarrasa deritzona”. Bioaniztasunaren eta hainbat faktore ekologikoren mesedetan, ordea, bestelako praktikak dituzte Lorraneko kideek: basoa ateratzerakoan, ez dute dena aldi berean botatzen, hutsuneak sortzen dituzte zuhaitz berriak hazteko eta zuhaitz zaharrekin ingurua partekatzeko. “Euskal Herrian eta beste toki askotan gertatu da pinuaren landaketa handietan banda marroiaren gaixotasuna sartu dela, eta baso guztiz homogeneoak izateak dena kaltetu duela. Gaurko basoak zaurgarriak dira gaixotasunekiko, baso heterogeneoago bat erresilienteagoa da beti”.

Udalekin, ikerketa zentroekin, diputazioekin eta antzeko entitateekin ari dira lanean Lorraneko kideak, batik bat. Oñatin, Bizkaian, Pirinio inguruan, Espainian Madrilen, Guadalajaran, Kantabrian… toki askotatik ari zaizkie deika. “Estatuan gutxi gara modu honetan lan egiten dugunak eta gure artean denok ezagutzen gara, sarea egin dugu eta saiatzen gara lanak banatzen eta elkarlanean aritzen”.

“Klima mediterraneoan belarra izateko asko mugitu behar ditugu oiloak”
2025-10-20 | Garazi Zabaleta
Hamarkada pasatxoko ibilbidea du San Martin Unxen kokatuta dagoen Guneko proiektuak. 2013tik arrautzak ekoizten dituzte Mikel eta Igor Olite anaiek, eredu ekologikoan. “Aiton-amonak herrikoak ziren,... (+)
Gertukoari eta ekologikoari tokia egiten dion denda berria Ea herrian
2025-10-13 | Garazi Zabaleta
Maiatzean zabaldu zituen ateak Eako Berton dendak. Iñaki Biteri eta Iratxe Arriola dira proiektu honen atzean dauden kideak, eta diotenez, aspaldian zuten denda irekitzeko ideia... (+)
“Hemengo barietateetan ez da sailkatze lanik egin jateko sagarrak ukaiteko”
2025-10-06 | Garazi Zabaleta
Baigorriko pentzeetan jateko sagarrak ekoizten ditu Elena Aguerre laborariak. Lekorneko Garroa etxaldean barazkigintza ekologikoan luze aritua zen, baina 2022-2023ko neguan Baigorrira lekualdatu eta proiektu berria... (+)
Aralarren hazitako moxal haragia
2025-09-29 | Garazi Zabaleta
Amezketako Loidi baserrian sortutako proiektua da Aralareko, Uxue Artola Ansak eta Iosu Goñi Muruak bultzatua. “Familiako proiektua da gurea, moxal haragia lehenagotik ere ekoizten genuen,... (+)
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen
2025-09-22 | Garazi Zabaleta
Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta... (+)
gora