San Tomas eguna, argitu orduko iluna

“Baratzegintzarako lurra xerkatzea izan da zailena, baina azkenean lortu genuen”

Behauzeko (Nafarroa Beherea) Isakenia etxaldean hazia da Amaia Elichiry laboraria, eta umetatik izan du laborari munduarekin lotura estua. “Gurasoak ahuntz hazleak ziren, laborantza biologikoan, eta nik ere gaztetatik izan nahi nuen laborari, baina landareak eta fruituak nituen biziki gustuko”, azaldu du. Hazparnen bi urteko formazioa egin zuen baratzegintza biologikoan, eta segidan bi urtez Garroa etxaldean aritu da baratzean lanean, bere burua lan horretan benetan ikusten ote zuen egiaztatzeko. “Sasoi guztiak ezagutu nituen han, lana nola zen, zein zailtasun zeuden... eta ikusi nuen benetan hori zela nahi nuena”, gogoratu du. Hazparneko eskolan ezagutu zuen Clement Egea laboraria, egun proiektukide eta bikotekide dena. Isakenia etxaldeko beste proiektua ahizpak darama, gurasoen jardunari segida eman eta ahuntz-gasna ekoizten du berak.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko martxoaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gurasoen Isakenia etxaldean aski lurrik ez zegoela eta, bi urtez aritu ziren Elichiry eta Egea baratzegintza proiektua martxan jartzeko lur bila. “Azkenean, 2018an etxaldetik hurbil lortu genuen lursaila, eta laborantza biologikorako trantsizioari eta bastimenduen eraikuntzari ekin genion”, gogoratu du laborariak. Bi hektareako lursaila dute –hektarea eta erdi inguru lantzen dituzte–, eta bost negutegi dituzte erdian. “2019ko primaderan hasi ginen ekoizpenarekin, hor egin genituen lehenbiziko landaketak”. Garai berean izan zuten lehen haurra, eta beraz, urte oparo bezain kargatua izan zela gogoratu du. “Bi urte berantago iritsi zen bigarren haurra”, gehitu du.

Lursailean ez zegoen ezer erosi zutenean, eta euri-ura berreskuratzeko arroilak ireki zituzten han-hemen. “Putzuetan ura pilatzen dugu eta hori darabilgu barazkien ureztatzeko”. Horrekin batera, inguru guztian arbol-hesiak landatu zituzten, lursaila haizetik babesteko eta biodibertsitatea erakartzeko asmoz. “Marmutxak eta hegaztiak nahi ditugu lursailean, laborantza biologikoan horiek denak prebentzioa baitira: beharrezkoa da oreka atzematea parasitoak eta antzekoak gailentzea ekiditeko”, dio. Lursailaren ondoan bastimendu txiki bat eraiki zuten, eta bertan dute barazkiak garbitzeko eta hotzean mantentzeko tokia. Baratzeaz gain, oiloak ere sartu dituzte berriki Isakeniako kideek, eta bidelagun fidel bihurtu direla nabarmentzen dute. “Urte guzian 30 bat barazki egiten ditugu, eta kultura bat bukatzen delarik, negutegi guztietatik oiloak pasatzen dira soberakinak jatera eta ongarritzera”, dio.

Salmenta zuzena

Hurbileko laborari dendetan eta inguruko herrietako pertsonei banatzen dizkieten saskien bidez egiten dute salmenta Isakeniako kideek, batik bat. “Barazkiak, arrautzak eta ahizpak ekoizten dituen gasnak eskaintzen ditugu saskietan”, azaldu du. Haien lana erakustea ere gustuko dute, eta urtero uztailean merkatu irekia antolatzen dute lursailean. “Inguruko laborari biologikoak gomitatzen ditugu; ate irekiak bezala dira, baina merkatu formarekin”. Bestetik, ELB sindikatuko baratzezain eta fruitugileen taldeko kide dira, eta AFOG kolektiboan ere ari dira, kontabilitatea taldean egiteko laborarien elkartean. “Garrantzitsua da guretzat saretuta egotea”, adierazi du.

Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
Garoa, jendartea eraldatzeko gune berria Mungia erdian
2026-02-23 | Garazi Zabaleta
2007an sortu zuen Butroi Bizirik elkartea ingurumenaz arduratuta zegoen Mungialdeko herritar talde batek, eta 2013an erantsi zioten "Trantsizioan" hitza izenari. “Rob Hopkins ekintzaile eta idazlea... (+)
Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika
2026-02-22 | Garazi Zabaleta
Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia... (+)
Baratzezain izatetik erlezain izatera
2026-02-16 | Garazi Zabaleta
Duela 26 bat urte iritsi ziren Ali Orue zeberioarra eta Edu Brugos laudioarra Zioarraga auzora, Zuiara (Araba). Bizitoki aldaketarekin batera bizitza eta ogibidea aldatzeko gogoz... (+)
gora