Astelehenero 8:00etan zure epostan
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute lan bertan. “Baratze proiektuaren helburu nagusia ez da produktibitatea, jasangarritasun hirukoitza bilatzen dugu: ingurumen alorrekoa, soziala eta ekonomikoa”, adierazi du Gloria Candel Martin fundazioko nekazaritza eta ingurumen arduradunak. Baratzegintza agroekologikoa parte-hartzaileen garapen pertsonalerako eta sozialerako tresna gisa ulertzen dute Elkarkiden.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Iruñeko Udalak lagapenean utzitako bi hektareako lursaila lantzen dute Elkarkideko partaideek, eredu ekologikoan. “Jende asko etortzen da lanera, batzuetan 62 lagun izatera ere iristen gara”, azaldu du Candelek. Hamabi pertsonako lantaldea du Elkarkidek, erdiak nekazaritzaren alorreko profesionalak, eta beste erdiak, alor sozialekoak. “Elkarlanean aritzen gara, normalean hiru taldetan bereizten gara eta lanak denen artean banatzen ditugu”, gehitu du. Nekazaritzaren alorreko profesionalek antolatzen dituzte eguneko lanak, baina baratzezainekin adosten dute dena. “Erabakiak asanbladan hartzen dira, modu horizontalean, hona datorren jendea ez baitator baratzea egitera soilik, parte-hartze sozialerako ekimenak ere egiten ditugu”, dio.
Lursailean batik bat barazkiak ekoizten dituzte, baina landare usaintsuak eta oilotegia ere badituzte. “Kanpoko laboreak eta negutegikoak ditugu, baina neguan ia dena barruan ekoizten dugu”. Gainera, haien landareen zati bat hazietatik ekoizten dute, mintegian. “Nafarroako Hazien Sarearekin elkarlana dugu, eta Gipuzkoako Aleka proiektutik ere erosten ditugu haziak”. Ahal den neurrian, Euskal Herriko barietateak darabiltzate.
Elkarkiden ekoizten dituzten barazki ekologikoak haien dendan saltzen dituzte, Aranzadin bertan. “Lehen Aranzadi ondoko pasealekuan genuen postutxoa, baina orain baratzeetako eraikuntza tradizional bat berreskuratu eta hor jarri dugu denda, eta gure produktuez gain, antzeko beste proiektuetakoak ere saltzen ditugu”. 450 bezerok baino gehiagok dute fundazioaren produktuak erosteko beharrezkoa den fitxa, eta hasieratik erantzun oso ona izan dute. “Astean zehar goizez dator jendea, eta erosketak egiteko baratzean sartu behar dutenez, zuzenean ikusten dute nola egiten dugun lan”.
Ekoizpenaz gain, bestelako ekimenak ere egiten dituzte parte hartzaileek: “Artea, brikolajea, xaboigintza, sukaldaritza, kirola… baratzetik haragoko ekintza asko egiten ditugu egunero”. Aurrera begira, proiektua zabaltzeko asmoa dute, esaterako, eraldaketak eginda eta ontziratutako elikagaiak salduta. Oraingoz, baimenak lortzeko prozesuan daude.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545