Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera.

Auzoaren eta ekoizle agroekologikoen arteko zubi

Gasteizko Judimendi auzoan sortu berri den proiektua da Ekonomatoa, Bionekazaritza ekartetik sustatu dutena. “Saskibarazki deitutako proiektua martxan zuen elkarteak aurretik, zenbait ekoizlerekin elkarlanean ari ziren, baina proiektua handitzeko asmoarekin auzoari deialdi irekia egin zioten, ekonomatoa irekitzeko aukera aztertzeko”, azaldu du Xabi Baldor Sobron proiektuko kideak. Urtebete pasatxoko prozesua egin du Bionekazaritzako kideez eta auzoko jendeez osatutako lantaldeak, eta lanketa luzearen eta hainbat froga piloturen ondoren, urtarrilean abiatu dute ekimena.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko urtarrilaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bionekazaritzaren egoitza aldaketarekin batera etorri da egitasmo berria. “Toki handiagoa behar zuten, eta toki aldaketa horrekin aukera sortu zen proiektua ere handitzeko”, azaldu du Baldorrek. Horrela, lokal berrian jasoko dira Arabako ekoizle agroekologikoen produktuak, eta bertan eginen dituzte banaketak. “Egitasmoaren helburua da ekoizleak eta hiria lotzea, zirkuitu laburrak bultzatu eta bitartekaririk gabe agroekologiaren aldeko apustua egitea”. Aldi berean, Judimendi auzoari eskaintza zabaltzea eta auzokideen arteko harremanak sendotzea ere badira helburuak.

Orain arte lau froga pilotu egin dituzte, jende kopuru txikiarekin, proiektuak ongi funtzionatu dezakeela ikusteko. “Aurre eskaria eginda funtzionatuko dugu, webgune bat jarri dugu abian, eta aste bateko epean eskaerak egin daitezke bertan. Ondoren, egun bat jarriko da banaketa egiteko”. Hamabostean behin eginen dira banaketak. Aurrera begira, proiektua ongi badoa, asteko egunen batean denda ireki eta modu zabalagoan, aurretik eskatu beharrik izan gabe produktuak erosteko aukera jartzea ez dute baztertzen, baina pausoz pauso joan nahi dute. “Momentuz, bazkide egin beharra dago proiektuan partze hartzeko, eta bolondresen bidez antolatzea da asmoa”.

Arabako produktu agroekologikoak

Eskaintzan izanen dituzten produktuak Arabako ekoizle agroekologikoek ekoiztutakoak izanen direla azaldu du Baldorrek: “Gure filosofia da bertako produktuak eskaintzea, lurraren zaintzan eta harremanean oinarritutakoak”. Garaiaren arabera, noski, eskaintza ere aldatzen joanen dela nabarmendu du, baina denetik dagoela produktuen artean: barazkiak, lekaleak, haragia, eztia, ardoa…

Judimendiko gainontzeko mugimendu eta eragileekin harremanak eta aliantzak sortzea ere bada egitasmoaren erronka: “Herritarren kontzientzia eragitea, hiria eta landa eremua lotzea eta ekoizleak eta produktuak bertatik ezagutzea, horiek dira gure erronketako batzuk”. Argi dute auzokideekin eta auzoko beste taldeekin batera egin beharreko bidea izanen dela. Interesa duen edonork, arabarazki.org helbidean du informazio guztia eta proiektuarekin bat egiteko modua.

Gaztaina eta hurra bizibide, Basaburuaren bihotzean
2026-01-19 | Garazi Zabaleta
Nafarroako Basaburuan, Itsaso herrian kokatua den familia-proiektua da Basabihotza. Urteak daramatzate Xabier Azpirotz Latasa eta Laura Martinena Espinal proiektuaren bultzatzaileek gaztainaren inguruan lanean: barietate zaharrak... (+)
Gazta bereziak eta betikoak, Olagueko gaztandegi txikian
2026-01-12 | Garazi Zabaleta
2020an, justu pandemiaren aurretik jarri zuen martxan Maria Cilveti Anduezak Tia Maritxu gaztandegia Olaguen, Anueko bailaran (Nafarroa). “Nire etxean beti egon dira ardiak, gurasoek gazta... (+)
Baratze eta sukalde munizipala, herri langileek aurrera eramanak
2025-12-29 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatzate Urruñako Herriko Etxean zirkuitu laburrak eta tokiko elikadura bultzatzen. “COVID-19a bizi izan genuenean argi gelditu zen hurbileko mozkinak beharrezkoak direla, kamioiak hiru egunez... (+)
Artilea da artea, eskola eta agroekologia lotzeko bide posible bat
2025-12-22 | Garazi Zabaleta
Abenduaren 12an irakasleei eta hezkuntza komunitateko kideei zuzendutako jardunaldi berezia izan zen Zaldibiako (Gipuzkoa) Goizane zentroan: Artilea eskoletan.  (+)
“Landareekin arropa tindatzea da nire ofizioa”
2025-12-15 | Garazi Zabaleta
Duela 30 bat urte ikasi zuen Aitor Bastarrika gipuzkoarrak landareekin eta bestelako naturako elementuekin tindaketak egiten, Guatemalan bizi zenean: “Han ikasi nuen landareekin tindatzen, eta... (+)
gora