Asko ez da beti aski

Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den, eta inausi behar ote den?

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko urriaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Uda honek arbolak proban eman ditu, azterketa zorrotz eta latz batera eraman eta  ederki miatu dizkie iraupenerako gaitasunak, gordekinak, indarrak eta kemenak. Mendi eta hirigunetako arbola asko ikusi ditugu adar iharrekin, baina baita goitik behera osorik lehortuta ere.

Udako ezusteko eguraldi zakar erauntsiari aurre egin eta atzera bizirik jarraitzea lortu duten arbolek udazkenaren zantzuak eta aztarrenak erakutsi ahala, albo-aldaketan bizilagun dituztenen adar iharrak edota hiliki osoak gainzuritu eta ezkutatzen ari dira. Disimuluan ibiliagatik, kezkak arbolazain eta arbolazale denen ahotan dira eta sikateak aho-sabaiak ere lehortu ditu. Nekazari, lorezain, basozain, mendizale, artzain eta abar, arbolen lagun den jende ugari galdezka ari da, bata besteari: zer etorkizun ekarriko du idorte honek? Ihartze hori betirako kalte bihurtuko al da? Edo, irailean edo urrian hildakoaren itxura egiten duen arbola ez dago zertan kondenatua?

Arbola espezie bakoitzak bere ur beharrizanak ditu. Espezie batzuk bereziki egarberak dira. Ikus ditzagun hamar urteko landareen premiak: sahatsak eta zumeak (Salix spp.), adibidez, egartsuak dira, 40-80 litro ur behar ditu egunero. Urkiak ere (Betula spp.) egarri dira, egunero 30-60 litro artean behar dituzte. Beste aiekan, haritzak (Quercus spp.) ez dira hain urzale, egunero 20-40 litro ur nahiko dituzte. Arbola nagusiek beste ur kopuru batzuk dantzatzen dituzte. Hor ere espezieak bereizten dira, baina batzuek erruz, itxuragabe edaten dute. Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuan pagoari (Fagus sylvatica) eskainitako fitxan (279. orrian) azaltzen dugu 100 urteko, 20 metro garai eta 12 metro zabaleko ale batek bere buruari bizi-bizi eusteko, 600.000 inguru hosto mantentzeko, egunero-egunero 400 litro inguru ur bereganatu behar dituela. Eguna joan eta eguna etorri, gero eta urriago eta gero eta urrunago duen uraren buskan luzatu eta luzatuko ditu sustraiak pagoak. Gero eta errotuago egongo da, gero eta lurrari uztartuago sentituko da pagoa, baina agorraldia areagotu ahala lan horretara bideratzeko energiaren gastuaren eta bueltan jasotzen duen ur etekinaren arteko orekari eustea gero eta zailagoa da eta noiznahi, krak, zartatuko da. Hori etorri aurretik, biziraupen jokamoldeari heldu diote, energia aurreztetik abiatu eta hostotzaren zati bat galtzeraino. Itxura hori da guk ikusiko duguna, ihartu eta galtzen duen hostotza proportzioaren arabera gaizki dagoela edo hilotza dirudiela antzemango dugu.

Panorama horrekin inausketa gogor bat jotzeko tentazioa agertzen da belarri atzetik; adarjea urritu eta izan dezakeen energia apurra begi berri gutxi batzuetara bideratuko delakoan. Ez jausi, plausta, tentaldian. Inausketa guraizeak, zerroteak eta motozerrak atera aurretik adar punta gazteak miatu: azazkalarekin azala arin harrotu eta azpiko geruza berde badago, lasai utzi. Iharra badago, miatu begiak: malgu badaude, lasai utzi arbola.

Agorreriak egurra eman du, jakina, baina maiz hilda dagoela dirudien arbola, udaberri berri, sasoi berri, eta egun berri hobeen zain dagoen arbola besterik ez da.

Agorteak, baina, asko eta asko aurrean hartu eta akabatuta eraman ditu. Nonbait irakurri nuen hura etortzen zait gogora: asko ez da beti aski, dena eman duenak badaki.

Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
gora