Astelehenero 8:00etan zure epostan
2010. urtean sortu zuen laborari talde batek Buru Beltza elkartea, ardi buru beltzaren desagertzea geldiarazteko, baita arraza babesteko eta indartzeko ere. Ehun artzain inguruk osatzen dute elkartea egun, eta guztira 70.000 bat buru beltz dituzte, baina arraza horretako ardiak bakarrik jezten dituzten pertsonak geroz eta gutxiago direla ere sumatu dute azken urteetan. “Buru beltzen esnea hobeki banatzeko beste balorizazio bat xerkatu nahi dugu, gasna desberdina egiteko eta laboraria biziarazteko”, adierazi du Irulegi Irratian Mikel Negueloua hazleak eta elkarteko presidenteak. Bide horretan, egitasmo berria du esku artean elkarteak: Donibane Garaziko zitadela azpian gasnak ontzeko gunea irekiko dute.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Donibane Garaziko zitadela azpian tenperatura eta hezetasun aldetik gaztak ontzeko baldintza oso onak zeudela ikusi zuten proiektuaren bultzatzaileek, harrizko murru eta tunelez osatutako gunean. “2022an egin genituen neurketak. Uda oso beroa izan zen eta ikusi genuen gehieneko tenperatura 17º-koa izan zela bertan”, azaldu du Neguelouak. Baldintza oso egokiak dira gaztak ontzeko, baina, hala ere, hozteko, airea berritzeko eta hezetasuna mantentzeko sistemak ere jarriko dituzte tunelean. “Dena dela, lekua oso aproposa da, irudi du zitadelako gunea gasnak egiteko pentsatua dagoela”, dio erdi-barrez artzainak.
Buru beltzen esnea aparte biltzea eta bereizita gasnatzea bultzatu nahi du elkarteak, baina horretarako beharrezkoa da esnea balorizatzea. Asmo horrekin, ardi buru beltzen gasna marka sortzeko elkarlanean ari dira azken urteetan hainbat gasnategirekin. “Bakoitzak bere gasna egiten du, baina gauza bateratu baten xerkan ari ginen gu, eta pentsatu genuen gasna ontzeko momentua aukera egokia izan zitekeela, horiek berdintzeko eta guziei ber itxura emateko”, dio Neguelouak. Horrela hasi ziren gasnak elkarrekin ontzeko soto baten bila, eta horrela lortu dute Donibane Garaziko Herriko Etxearekin zitadelako gunea urririk erabiltzeko hitzarmena. Hori bai, gunea babestuta dagoenez, ezingo dute egituran inolako aldaketarik egin.
Buru beltzen esnearekin ekoizten duten gasnategientzako proiektu bateratua da zitadelako ontze gunea, eta batik bat horiek erabiliko dute. “Gasnategientzako pentsatu genuen batez ere, produktua balorizatuz haiek esnea hobeki ordain dezaten. Hastapen batean haien gasnak sartuko dira ontzera, baina baliatu nahi duten etxe ekoizleentzat ere tokia egonen da”, gehitu du. 15-20 bat gasna tona ontzeko tokia dago, beraz, ez dira guztiak ontze prozesu osoan bertan egonen, baina denbora tarte bat behintzat han eginen dute denek. 2027an ontze-gunea martxan egotea espero dute bultzatzaileek.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545