Jatea behar bat da, baina buru argiz jatea arte bat da

Arabako 340 familia elikagai ekologikoz hornitzen dituen egitasmoa

Woofer gisa –mantenu truke bolada batez laborariekin bizi eta lan egiten duena–iritsi zen Arabara Ana Lafuente, elikagai ekologikoen saskiak osatzen eta banatzen dituen Urbide proiektuaren bultzatzailea. “Granadako proiektu agroekologiko batetik nentorren, nekazari izan nahi nuen, eta Arkauteko eskolan nekazaritzako erdi mailako zikloan sartu nintzen”, gogoratu du. Uda hartan Añuako baserri batean woofer gisa lanean aritu zen, eta hasiera batean tarte txiki baterako izan behar zuena luzatu eta bi urte egin zituen han. “Lurrarekin lotuta bizitzea zer den ezagutu nuen han”, dio. Momentu batean, etxaldeko nekazaritzaren eta kudeaketaren alorrak bitan banatzea eta alde bakoitza profesionalizatzea erabaki zuten, eta Lafuentek bere garaian enpresa ikasketak eginak zituenez, alor hori hartu zuen bere gain. Horrela sortu zen Urbide saskien proiektua.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko uztailaren 13a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urbide sortu zutenean, etxealdeko errentagarritasuna hobetzea zuten asmo nagusi. “40 produktu desberdin egin beharrean, hamar egitea zen asmoa, kantitate handiagoan, errendimendua hobetuta”. Aldi berean, inguru hurbilean ari ziren beste nekazariekin hitzarmenak egiten zituzten, haiek beste produktu batzuk ekoizteko eta saskietan sartzeko. “Etxaldean berenjena edo luzokerra ez baziren ongi ateratzen, horretarako klima egokiagoan zegoen nekazariarekin hitz egiten genuen”. Baina, egitasmoa abiatu eta urtebetera, etxaldean leherketa handi bat gertatu zen eta guztia pikutara joan zitzaien. “Ordurako hainbat hitzarmen genituen nekazariekin, eta erabaki genuen gure etxalde nagusirik gabe aurrera egitea”.

Geroztik, astero barazki saskiak eskaintzen ditu Urbidek, hurbileko produktuak eta ekologikoak eskainita, eta ekoizleekin zuzeneko harremana izanda. “Esanen nuke Urbideko saskien proiektua militantzia handiko saskien eta ohiko denda baten ereduen artean dagoela”, nabarmendu du. Eskaintza guztia ekologikoa da, eta garaiko barazkiak eta hurbilekoak izateari garrantzia handia ematen dio, baina aldi berean, ez dio uko egin katalogo zabalago bat edukitzeko beste zenbait produktu ere sartzeari. “Azkenean, bertako kuiatxoa dagoen garaian hori sartzen dut, baina urtarriletik maiatzera kuiatxoa eskaintzen ez badugu, errealitatea da jendea beste toki batera doala”, dio. Kontsumitzaileari erraz jartzearen eta bertakoa eta garaikoa lehenestearen artean oreka bilatu nahian ari dira Urbiden ere.

Saski itxia edo irekia

Bi aukera horiek dituzte Urbiden. Saski itxia dutenek astero edo bi astean behin proiektuko kideek prestatzen duten saskia jasotzen dute banaketa puntuan, momentu horretan eskaini dituzten produktuekin. Saski irekiaren kasuan, berriz, kontsumitzaileek webguneko katalogoan dauden produktuak gehitu ditzakete saski finkoan. “Gaur egun 340 familia inguruk jasotzen dute Urbideko saskia”, azaldu du Lafuentek.

Arabako hainbat tokitan banaketa puntuak dituzte zehaztuta, eta bertatik jasotzen dituzte saskiak kontsumitzaileek. “Bestalde, eskola jangeletan ere egiten dugu banaketa, hainbat ikastola hornitzen ditugu, eta esparru horretan ere esperientzia dezente dugu”, gehitu du.

Bertako produktu ekologikoek postua dute Laudioko azoka berrituan
2026-07-05 | Garazi Zabaleta
2024an sortu zuten Laudion (Araba) Ekin ta Eko proiektua, Aiaraldeko eskualdean elikagaien ekoizpenean eta produktu ekologikoen eta hurbilekoen kontsumoan zegoen hutsuneari erantzuna emateko asmoz. “Hasierako... (+)
Baratzeko eta inguruko landareekin egindako kosmetika artisaua
2026-06-28 | Garazi Zabaleta
Antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ari zen lanean Karolina Peños pandemiak bete-betean harrapatu gintuenean. “Kimikako goi mailako zikloa egina nuen, pandemian lanik gabe gelditu nintzenean baserrian... (+)
Pottokaren kontserbaziorako errentagarritasun bila
2026-06-22 | Garazi Zabaleta
Bertako zaldi arraza kontserbatzeko eta bultzatzeko helburuz, apirilean martxan jarri dute Pausoka proiektua Sakanako (Nafarroa) Garapen Agentziak, Pottoka Lagun elkarteak eta Kalaska hiltegi eta zatitze... (+)
Euskal Herriko edarigile txikien topagunea Azkaraten
2026-06-15 | Garazi Zabaleta
Historia handiko etxea da Azkarateko (Nafarroa Beherea) Harizpea. “Etxe biziki polita da, herriko plazaren ondoan dena, eta erraten da herriko lehen etxea dela”, azaldu du... (+)
Gatzari lotutako historia ospatzeko festa Jaitzen
2026-06-08 | Garazi Zabaleta
Lizarraldean (Nafarroa) dago Jaitz herria, gazteleraz Salinas de Oro gisa ezaguna dena. Gaztelerazko izenak tokiaren izana ere ongi adierazten du, kasu honetan. “Erromatarren garaia baino... (+)
gora