Babak esan omen zuen: txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (09:00ak arte)
Gaurko hitza
Belaundu
:  Landare baten adarra okertu, makurtu eta, zati batean, lurpean sartu,... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Basoa  >  Baso naturalak

Zain ditzagun trenbideak
2018-02-11  |  Jakoba Errekondo

Polinizazioa garrantzitsua da landare gehienen bizimoduan. Espezie eta aldaera bakoitzaren etorkizuna eraikiko duen hazia sortzeko nahitaezkoa. Lorearen aieka arrak sortzen duen polen aleñoak aieka emearengana egingo duen bidaia da polinizazioa. Bidaia hori intsekturen baten soinean, buruan edo hanketan egin dezake, baina haizeak ere eraman dezake firi-firi kiribilka.

Polinizazioa derrigor garrantzitsua da fruitua edo hazia bildu nahi diogun landarearen hazkuntzan. Begira zein garrantzi izan duen erlezaintzak gure baserri sagardogileetan; sagarrak oparo eman dezan ezinbestekoak ziren erlauntzak. Izan ere erleak dakar sagarra. Erlea etxekotua ez, etxekoa zen!

Nekazaritza industrialak edo kapitalistak ikaragarrizko jipoia ematen dio polinizazioari, intsektuak urritu egiten ditu eta landare ugariren etorkizuna kinka larrian dago. Erleez gain intsektu askok zeresan handia dute milaka eta milaka landareren polinizazioan. Intsektu hauek babestu eta sustatzea izan da ingurumen politika orokorretako arrazoi eta helburu potoloetako bat urte askoan.

Parke naturalek, gune babestuek eta abarrek zeregin nabarmena dute polinizatzaileen iraupenean, baina baita are gehiago antropizatutako edo jendeak eraldatutako guneek ere. Trenbideek, adibidez.

Europar Batasunean 200.000 kilometro inguru trenbide dago. Horien bazterretan lore landare ugari bizi da. Horrek polinizatzaileak ere badirela adierazten du. Krakobian (Polonia) egin duten ikerketa baten arabera trenbideen egiturak (pendizak, tontor lehorrak, beheko-barren hezeak...) intsektu laguntzaile hauen ugaritasuna sustatzen du. Inguruko belazeetan baino gehiago topatu dituzte trenbidean: tximeletak bertako landareak nagusi diren tokietan eta erle jendea kanpoko landareak direnetan. Zuhaixkek bereganatutako trenbide ertzetan intsektu hauek urritu egiten dira. Nekazaritza naturalaren eta ingurumenaren alde, zain ditzagun trenbideak. Herbizidarik gabe, noski!