Baratza bati ekiten diozun egunean hasten da bizitza Esaera txinatarra

Bizi-baratzea

Loreen eguna (00:00ak arte)
Gaurko hitza
Ibargia
:  Eguzkiak jotzen duen aldea. Ospelaren edo laiotzaren alderantzizkoa.
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Baratzetik mundura

Lehen sektorea bizkortzeko herri plana Leitzan
2017-12-10  |  Garazi Zabaleta

Berdea eta baserriz inguratutako herri txikia da Leitza, nekazaritzari eta abeltzantzari oso lotua egon dena. Azken urteetako joera orokorrarekin bat eginez, ordea, lehen sektorearen gainbehera nabarmena bizitu du herriak, eta baserritar gutxik dute ogibide lan hori gaur egun. Gainbehera horri aurre egin eta lehen sektorea berpizteko asmoz, diagnostikoa osatu eta parte hartze prozesua martxan jarri du Leitzako Udalak. Aliatu garrantzitsu izan dute LeitzEKO Kontsumo Taldea.

Egungo egoeraren argazkia

Leitzaldeko egoera erreala azaltzeko diagnostikoa egitea izan zen udalak emandako lehen urratsa. “42 inkesta egin ziren Leitzako baserrietan eta 15 Aresokoetan. Kontsumo taldeak jada komertzio eta ostalariekin egina zuen lanketa, beraz, kontsumitzaileen alorra zen falta zena”. Udalak pertsona bat kontratatu zuen bi hilabetez herritarren artean inkestak egiteko. Ekoizleen alorrean, ondorio nagusia da sektorea zahartu dela. “Azken urteetako politika nagusiek nekazaritzako elikagaien industria handiari eman diete bultzada, eta hemengo baserri txikien eredurako ez dute balio politika horiek”, azaldu du Azkargortak. Sektorearen gehiengoan etsipena ekarri du horrek, eta ondorioz, errelebo falta. Komertzio, jatetxe eta kontsumitzaileen artean egindako galdeketek, ordea, badakarte argi izpi bat: bertako produktuak kontsumitzeko interesa eta gogoa egon badago.

Etorkizuna elkarrekin eraikiz

“Diagnostikoa eskutan, egoera honi buelta emateko neurri batzuk proposatu genituen”, dio zinegotziak. Horrela abiatu zuten herritar guztiei irekia zegoen parte-hartze prozesua, lehen sektorea indartzeko eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko ekintza plan bat diseinatzeko helburuarekin. “Ez gabiltza baserritarrak laguntzen, herri osoarentzako onurak bilatzen baizik. Nekazariak hobeto biziko dira, baina dendariek ere herriko produktuak izanen dituzte saltzeko, denok osasuntsuago janen dugu, paisaia zainduko dugu…”.

Prozesua oso aberatsa izan da Azkargortaren arabera. Jende askok hartu du parte hiru saioetan, profil eta adin ezberdinetakoak gainera. Epe motzean bertako produktuak identifikatzeko marka edo zigilu bat eta ekoizleen egitura bat sortzea zehaztu dituzte prozesuan, besteak beste.