Baratze onenak ere belar txarren bat izan dezake Thomas Fuller

Bizi-baratzea

Loreen eguna (00:00ak arte)
Gaurko hitza
Egutera
:  Eguzkiak jotzen duen aldea. Ospelaren edo laiotzaren alderantzizkoa.
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Hotzaren hotzez, hotza hautsi arte
2017-12-10  |  Jakoba Errekondo

Hotzak fruituak ontzen ditu. Hasten hasteko, askotariko fruitu motak daudela aipatu behar da; denek ez dute, ezta gutxiago ere, jokabide bera eta bakarra. Hortaz, orokorrean aipatuko ditugu beren kontuak.

Daramatzan haziak heldutasunera ekarri dituenean, fruituak berak hartuko du umotzeko bidea. Fruitua ontzeko lanean aldagai ugarik eragiten du. Sasoia da ontzearen arrazoi bat; behin sasoira etorrita ekingo dio. Denbora da beste bat. Denborak aurrera egin ahala, fruituak ezin dio eutsi berde eta tinko, bigundu, beratu eta usteltzera joko du. Esaerak honela dio: “Denborak eta lastoak ontzen ditu mizpirak”. Inguruak ere zeresana badu. Gaitzek eta izurriteek gustuko dituzte fruituak, animaliek bezala. Fruitua janaria pilatzen duen zati bat da, eta goseak ez du barkatzen. Horiek kosk edo zizta egin duten tokian zauria, eta zauritik alferrik galtzea, usteltzea... abiatzen dira.

Eguraldiak ere aldaketak sustatuko ditu fruituan. Batzuk txarrerako: haizetearen mugimenduak adarraren kontra jotzea, kazkabarrak zauriak, eguzkiak erredurak, lehorteak zikoiztea, eta abar. Era berean fruituaren etorkizunaren onerako laguntza ere badakar eguraldiak: urak, eguzkiak eta beroak, tamainan, fruituak alegorrituko ditu; osatu egingo dira, hazi eta bigundu. Kolore aldaketa dakar, jeneralean, bide horrek. Heldutasunaren adierazle. Fruitua erakargarri egingo da animalientzat; gozatze bidea da zoritzea. Gozotik jan eta haziak barreiatuko dituzte. 

Hotzak ere laguntzen du. Fruitu berantiarrak ematen dituzten fruitu arbolek udazkeneko hotza ezagutzen dute. Badakite igaliei gainean eutsita lurrean baino errazago harrapatuko dituela hotzak. Hotz hori gogorra bada, fruitua izoztu egingo da. Izozteak barruan duen ura galtzea dakar, eta gozotasuna ematen dioten osagaiak are eta kontzentratuago geratuko dira: askoz gozoago, alegia. Ez du luze iraungo, baina jateko...

Hotzak lirindutako fruituak “izotzezko edariak” egiteko erabiltzen dira. Arrazonamendua hauxe da: gozoago, alkohol gehiago, hartzidura etenarazi eta edari gozo-alkoholiko sendoa lortu. Izotzezko sagardoak, ardoak...