Orrilako ihintzak urrea balio du

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (14:00ak arte)
Gaurko hitza
Zuztarra
:  landarea eusten duen enborra eta zarbajearen hondakina. Adibidez... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Estereo bat zur eta egur
2017-10-15  |  Jakoba Errekondo

Suaren aldeko sukaldean, otorduak prestatzeko garrari eta otordua egiteko berotasunari duten balioa emateko sasoia da. Sua. Su egurrak sekula galdu behar ez zuen sona berreskuratzen ari da eta etorkizun oparoa du. Otordua prantatzeko ez, baina eraikinen berokuntzan gero eta ugariago ikusiko dugulakoan nago.

Zura eta egurra neurtzeko neurria da estereoa. Bai, zura bezala egurra. Zuhaitzean ikusten baitute batzuek zura bezala egurra. Nafarroako herri txiki batean ederki ikasi nuen lezio hori, Sakanan uste dut. Materialetarako egokia den zatia da zura, eta materialetarako balio ez duena egurra. Materiala zurajetarako eta arotz eta zurgin lanetan erabiliko da. Egurra aldiz, hesoletarako, kirtenetarako, sutarako eta abar. Su bakoitzak bere trikimailuak eta katramilak ditu. Ez dira gauza bera ogi labea berotu, karobian kareharria erre, txondorrean egurra egosi, sagarrak erretzeko edo lapikokoa bor-bor jartzeko ekonomika sutzea, zikiroa edo danbolinkada gaztaina sutan erretzea edo abaritzaren (Quercus coccifera) iduriaren bero bildua.

Estereoari helduta, enborrak, adakiak eta adarrak bere gordinean neurtzeko neurria da. Zuhaitzak eta arbolak eraisten direnean, bere horretan, bere borobilean osorik gihar, gizen eta azal, ahalik eta trinkoen pilatu eta metro kuboa betetzen duena, horixe da estereoa. Estereo izena grekoko στερεός hitzetik dator, eta “trinkoa” adierazten du. Egurra eta zura asko landu gabe dabiltzan lekuetan erabiltzen da estereoa: mendian, basoan, kamioietan, paper fabrikan, zerrategian... Gero landuko da: azala zuritu, kostera kendu, oholdu eta habeak egin. Horiek baliatuko dituzten aroztegian edo zurgindegian edo eraikuntzan estereo hitza ez dugu berehalakoan entzungo, zer esanik ez ebanisterian... Zenbat eta finagoa zura, orduan eta urrunago estereoa, finezia eta trinkotasuna bateraezinak balira bezala... Horrengatik ez ote da Nazioarteko Unitate Sisteman edo Sistema Metrikoan onartua?