Ez da harri gogorrik berakatzez lehuntzen ez denik

Bizi-baratzea

Hostoen eguna (14:00ak arte)
Gaurko hitza
Mutxikina
:  landarea eusten duen enborra eta zarbajearen hondakina. Adibidez... [+]
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Fruituak

Heldu eta usteldu, horra koska!
2017-09-10  |  Jakoba Errekondo

Klimaterikoak diren fruituek landaretik askatu eta bildu eta gero ere heltzen, umotzen, ontzen, zoritzen, alegorritzen jarraitzen dute. Fruitu horiek erabat heldu gabe bil daitezke; ondoren, azkarxeago edo mantsoxeago, helduko dira. Ez klimaterikoak direnak, landaretik bildu eta gero ez dira gehiago helduko, asko jota kolorea aldatuko dute, baina ahosabairako ez dira onduko. Horra koska! Izan ere klimaterikoa grekoko klimater-etik dator, “koska”, hurrengo koska edo maila, alegia.

Klimaterikoek arazo handia dakarte: kontserbatzeko zailtasuna, heltzen jarraitzeko tematze horregatik. Heltze hori fruituak berak sortzen duen gas batek eragiten du, etilenoak. Gas hori fruituen ingurutik kentzea komeni da, konturatzerako denak heldu eta usteltzeko bidea hartzea nahi ez bada. Fruitu horiei luze eusteko, aireberritzen den tokian jarri. Klimaterikoak dira: sagarra (Malus x domestica), arana (Prunus domestica), ahuakatea (Persea gratissima), banana (Musa spp.), meloia (Cucumis melo), angurria (Citrullus lanatus var. lanatus), udarea (Pyrus communis), tomatea (Lycopersicon esculentum), mertxika (Prunus persica), irasagarra (Cydonia oblonga), kakia (Dyospiros caqui), ahabia (Vaccinium myrtillus), pikoa (Ficus carica), kiwia (Actinidia deliciosa), abrikota (Prunus armeniaca) eta abar.

Ez klimaterikoak diren fruituek ere badute alde txarra: heldu arte landarean izan behar. Behar bezala heldu aurretik fruituari landarea kentzen bazaio, bere horretan geratuko da, eta ondu gabe usteltzera joko du. Ez klimaterikoak dira: masusta (Rubus fruticosus), laranja (Citrus sinensis), mandarina (Citrus reticulata), gerezia (Prunus cerasus), anana (Ananas comosus), limoia (Citrus limon), mahatsa (Vitis vinifera), marrubia (Fragaria x ananassa), oliba (Olea europaea), mingrana (Punica granatum), mizpira (Mespilus germanica), mizpira japoniarra (Eryobotria japonica), mugurdia (Rubus idaeus), piperra (Capsicum annuum), luzokerra (Cucumis sativus), arabisagarra (Citrus paradisii), kuiak (Cucurbita spp.), kuiatxoa (Cucurbita pepo), alberjinia (Solanum melongena) eta abar.