Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Lehen urtea ospatu dute Egia auzoko baratzean
2017-06-11  |  Garazi Zabaleta
Argazkia: Egiako auzo baratzea

Baratzean hasi berri diren gazte askoren antzera, nola oso ongi jakin gabe baina zer edo zer egiteko gogotik sortu zen duela urte eta erdi inguru Donostiako Egia auzoko baratzea. “Auzoko hainbat gazte gogotsu geunden baratzaren kontuarekin. Urumea ondoan bazeuden beste alor batzuk lehenagotik okupatuak, eta bertan tokia bazegoela ikusita, sartzea eta pixkanaka lurra lantzen hastea erabaki genuen”. Ainhoa Gutierrez del Pozo kideak kontatu dizkigu proiektu txiki horren ingurukoak. Maiatzaren 21ean bete dute lehen urtea.

Arituz ikasten omen da

Hasieran inork gutxik zekien baratzea nola landu. “Baratzea ereiten genuen lehen aldia zen gehienontzat”. Urte honetan, ordea, pixkanaka ikasten eta hobetzen joan dira. Neguan, adibidez, teilatua egin dute euri ura aprobetxatu ahal izateko. Baratzean ur-sarrerarik ez dutela jakinda, aurrerapen garrantzitsua. “Iaz hor ibili ginen 25 litroko ur bidoiak garraiatzen, eskuz”.
    Lanerako nahiko modu “librean” antolatzen dira gazteak, eta hainbat formatu probatu dituzte denbora honetan. Udan, adibidez, lan gehiago dagoela eta, zaintza asteak banatzen zituzten baratzea ureztatu, belar txarrak kendu eta bestelako lanak egiteko. Neguan, berriz, lana lasaiagoa denez, astean egun bat jartzen zuten elkartzeko. Uzta denen artean banatzen dute baratzezainek.

Urtebeteko uzta

Maiatzaren 21ean ospatu zuten auzo baratzearen lehen urteurrena. Auzolanarekin eman zioten egunari hasiera: “Baratzean 30 bat lagun bildu ginen goizean lanerako”. Eguerdian, berriz, 40 gazte inguru elkartu ziren bazkaltzera. Osagai nagusiak, baratzeko barazkiak. “Lehengo urtean Porrontxo jaietako auzo bazkaria egiteko baratzeko uzta erabili genuen”, azaldu du Gutierrezek.
    Hurbilekoen arteko ospakizuna izanik ere, tokia ezagutzen ez zuten hainbat pertsonek lehen bisita egin zioten Egiako auzo baratzeari. “Norbaitek gogorik baldin badu bertan tokia baduela ikusteko aukera ona izan da”, dio baratzeko kideak. Landatzeko, ikasteko, nahiz uzta jasotzen jarraitzeko.