Azatxoak azatuko dituk

Bizi-baratzea

Loreen eguna (00:00ak arte)
Gaurko hitza
Egutera
:  Eguzkiak jotzen duen aldea. Ospelaren edo laiotzaren alderantzizkoa.
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Eragileak

Bertako elikagai ekologikoei sukaldeko ateak irekitzen
2016-03-13  |  Garazi Zabaleta

Azken urteetan hazkunde nabarmena izaten ari da nekazaritza agroekologikoaren sektorea. Hein handi batean elkarte eta kontsumo taldeek egindako formazio lanari esker, kontsumitzaile “arduratsuak” ikasten ari dira bertako ekoizle txikien produktuak baloratzen eta ekologikoari garrantzia ematen. Baina, betiko azoka edota kontsumo taldeetako saskietatik harago, zein aukera gehiago dituzte ekoizleek beren produktuak zuzenean saltzeko? Galdera horri erantzunak emateko, azterketa egin du Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak. Otsailaren 25ean egin zuten txostenaren aurkezpena Donostiako Km0 jatetxean, ekoizleekin emaitzak eta aurrera begirako alternatibak partekatzeko.

Donostiako hainbat jatetxek sarea egingo du inguruko baserritarrekin

Gipuzkoan badira jada hainbat ekoizle txiki jatetxeei beren produktuak saltzen dizkietenak, baina orokorrean gutxi baliatutako aterabidea da. Euskal Herritik kanpo, ordea, badira nekazari txikien eta errestaurazio kolektiboko enpresen arteko sareak martxan, eredutzat har daitezkeenak. Hemengo sare hori ehuntzen hasteko, ENEEKek (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) sustatuko duen proiektu pilotu baten berri eman zuten Biolurreko kideek, diagnostikoaren emaitzatzat har daitekeena: Donostiako hainbat jatetxek inguruko baserritarrekin sare txiki bat antolatu eta salmenta bide hori sustatzea izanen du helburu proiektuak. “Desfasea dago jatetxeen eskari eta eskaintzaren artean. Hau arazo bezala ikusi beharrean, ordea, aukera bezala ikusi behar dugu: egun dauden ekoizleen produktuentzat aterabide modu bat izan daiteke, baita etorkizunean sektorean sar daitezkeen ekoizle berrientzat ere”, azpimarratu zuen Marc Badal Biolurreko kideak.

Tokikoa bai, ekologikoa ere bai

Orokorrean begi onez hartu zuten proiektua aurkezpenera agertutako ekoizleek. Hala ere, kezka bat nabarmen agertu zen eztabaidan: tokiko produktuen kontsumoa eta ekoizle txikiak sustatzea gizartean geroz eta indartuago dagoen arren, elikagaiak ekologikoak izatearen garrantzia zalantzan jartzen da askotan. Are gehiago, sarritan “gutxietsia” ere izaten omen da. Kontsumo ereduaren eta elikaduraren inguruko formazio lanetan segitzeko beharra agerian gelditu zen, beraz. Bien bitartean, jarrai dezatela tokiko barazkiek beren bide laburra egiten: baratzetik azokara, kontsumo taldeko saskira, eskolako jangelara nahiz gure jatetxeetako sukaldeetara!