Neguari zuztarra moztuko dion sagurik ez da sortu oraindik

Bizi-baratzea

Loreen eguna (00:00ak arte)
Gaurko hitza
Ibargia
:  Eguzkiak jotzen duen aldea. Ospelaren edo laiotzaren alderantzizkoa.
BIZI BARATZEA Buletina jaso nahi dut

Elikadura burujabetza

Hiriko grisaren artean espazio berdeak sortzen
2016-03-06  |  Garazi Zabaleta

 “Hiri erabat industrializatutzat –fabrikak eta labe garaiak– hartu izan da Barakaldo urteetan, baina benetan oso zabala da eta landa eremu garrantzitsua ere izan du”. Alfredo Rodriguez Barakaldoko Ekologistak Martxaneko kidearen hitzak dira. Eremu berdeak galtzen ari zirela ikusita, 2013an sortu zuten Barakaldoko herri baratzeen proiektua.

Urte hartan, naturaren garapenean interesa zuten bizilagun ugari elkartu eta formazio saioak egiten hasi ziren EHNE sindikatuarekin: hausnartzen hasi ziren erabilpenik gabeko espazioen berreskurapenaz, naturaren birsorkuntzaz hirian edota lurrari eraikuntzarako ez den erabilpena emateaz, beti ere elikadura burujabetzaren ideia erdigunean jarrita. Hasieratik jende anitza bildu  zen proiektuan, Ekologistak Martxanen babesarekin eta Barakaldoko EKOEtxea erreferentziatzat hartuta.

Hiriari arnas ematen dion espazio berdea

Herri jakintza berreskuratzea eta hirian naturarekin harremana bultzatzea izan dira lehen helburuak proiektuko kideentzat, baita bazterketa jasan duen jendeari bestelako aukerak ematea ere: “10.000 langabe baino gehiago daude Barakaldon. Aukera ezin hobea dugu jendeari ilusioa pizteko alternatibak landuz”. Eta nola hobe naturarekin harremanak berreskuratuz eta mendeetako jakinduria jasoz baino?

Hasieran bost pertsonako taldea zen. Egun, ordea, hogei bat pertsona dabiltza aktiboki proiektuan, baratzean eta asteroko bileretan parte hartzen.

Ekaitzaren ostean, barea

2014an sartu ziren egun La Huertaka den Lutxanako lurretan. Lehenagotik hainbat eskaera formal egin zizkioten Udalari, baina erantzun guztiak ezezkoak zirela ikusita, abandonatutako SAREB bankuaren lurretan sartzea erabaki zuten. “Hasieratik adierazi genuen adostasunera iristeko prestutasuna, eta handik mugitzeko eskatuz gero alde egingo genuela ere azaldu genuen”, dio Rodriguezek.

Urte bereko abenduan, ordea, eta inork beraiekin hitz egin gabe, Barakaldoko Udalaren hirigintza enpresa Eretzak eta SAREBek salaketa jarri zien lurren okupazio eta usurpazioagatik: “Ertzaintza zuzenean Ekobarakako egoitzan azaldu zen eta erantzule bat eskatu zuen”. Javier Vazquez Ekologistak Martxaneko arduradunak eman zuen bere izena.

Urtarrilean izan zuen epaiketa Vazquezek. Salaketaren egileak ez ziren epaiketara agertu ere egin, eta hiru aste beranduago jaso dute epaia baratzegileek: kasua artxibatu da. Badirudi lasaixeago har dezaketela arnas La Huertakako kideek, eta jasotako babes zabalaren ostean lanean gogotsu jarraituko dutela argi du Rodriguezek: agroekologiaz elikadura subiranotasunerantz pausoak ematen, “mundu guztiak bere elikagaiak hazteko aukera izan dezan!”.