Asteroko buletina
Landa ez da soilik lurra; lurrak, landareek eta animaliek osatutako zirkuitotik sortzen den energia iturri bat da

Sasoiko lanak: garaian, garaikoa, garaiz

Gaur, 2024ko apirilaren 25a
Eguzkia 07:08 21:00
Ilargia 23:00 07:35
Ilargia
ilbehera

Ilbehera Api. 14 Api. 28

ilzahar

Ilzahar Api. 24 Mai. 8

Biodinamikoa
Lorea

0:00 - 24:00 Lorea

Iturria: Euskalmet, AEMET, Meteo France eta Ilargiaren Egutegia

ASTEKO LANAK: 2024ko 17. astea, apirilaren 22tik 28ra

Uda edertu eta poztuko diguten loreen erraboilak landatu

Apirilaren 28 16:18 arte ILBEHERA, ordutik atzera ILGORA.

Apirilaren 24, 01:49ean ILARGI BETEA, ordura arte ILBERRI, ordutik atzera ILZAHAR.

Uda edertu eta poztuko diguten loreen erraboilak landatu: dalia, gladioloa, lirioa, kanna, amarilisa, koloretako kala, krokosmia…   

Baratzean ereiteko: porrua, aza, aza gorria, Brusela aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, Daikon arbi zuria, errefautxoa, errukula, uraza, kukulua, zerba, borraja, azenarioa, apioa, arbi-apioa, kuiatxoa, luzokerra, kuia, patata eta tomatea. Berotegiaren babespean erein: porrua, tipulina, tipula gorria, zerba, borraja, azenarioa, babarrun berri zuria edo potxa, leka motza, leka luzea, baba handia, ilarra, kuiatxoa, luzokerra, tomatea eta piperra.

Baratzean landatzeko: tipula zuria eta gorria, zainzuria, uraza, orburua, zerba, erremolatxa, ziazerba, borraja, azenarioa, arbi-apioa eta mihilua. Berotegian landatzeko: tipula gorria, uraza, kukulua, zerba, erremolatxa, ziazerba, kuiatxoa, luzokerra, tomatea, alberjinia eta piperra.

Aste honetan egiteko lan bitxiak:. Berdetarako baratxuria landatu. Zainzuriak landatzeko azken aukera da apirileko ilbehera. Udazkenean ereindako ongarri berdea moztu eta lurrari eman.

Hostoa galtzen ez duten era guztietako landareak landatzeko sasoia da: zuhaixkak, zuhaitzak, fruta arbolak...

Udazkenean erein genuen ongarri berdea moztu eta lurrari nahastu edo aziendari eman edo luar pilara eraman.

Ongarritutako sailetan oraindik karea zabaltzeko aukera bada.

Landare usaindunak erein, banatu eta aldaxka gisara landatu edo landaretxoak landatzeko garaia da.

Belardiak eta soropilak erein edo haziz osatzeko garaia da.

Udako sasoiko loreak emango dizkiguten landareak landatu.

Udan loratuko diren erraboilak landatu: dalia, gladioloa, begonia, kana, lili handiak…

Udaberriaren hasierarekin loratu diren zuhaixkak, loraldia joan ahala inausi.

Lehen belarrak moztu eta jatenetarako edo silorako edo ontzeko garaia etorri da.

Neguaren beldur babestu genituen landareei babesa kendu. Izotz beldurra den toki hotzetan babesari eutsi eta pixkanaka ireki.

Loreontzietako landareei lurra berritu, ongarritu, inausi eta birlandatu.

Lan bereziak

  • Aldaxkak errotzeko eztia
    Aldaxkak errotzeko eztia

    Landare asko ugaldu daiteke aldaxkekin. Adarretako aldaxkak erabiltzen dira, batez ere eta urteko zatia, hau da aldaxka ebakitzerakoan urte horretan hazi den zatia mozten da, biguinena dagoena.

    Zenbaitek diote eztitan bustita errazago errotzen edo itsasten direla. Ikerketa batzuk egin dira eta emaitza onak eskuratu ere bai, baina denetan hormona kimikoen eraginkortasuna baino makalagoarekin.

    Saiatu eta esaiguzu ea zer emaitza lortzen duzun.

  • Kuia tunela
    Kuia tunela

    Baratze txikia baduzu, kuiak izateko arazo larriak izango dituzu. Kuiak zurtoin herrestari luzeak ematen ditu eta bere hostajearen azpian sail handiak harrapatzen ditu.

    Kuiak izateko beste era bat sortu dezakezu: airean. Hesi bat balitz bezala edo tunel bat egin egurrez edo burdin-hariz edo alanbrez edo...

    Bere azpian hazia erein edo landaretxoak landatu. Landarea ez da lurgainean zabalduko, gorantz baizik. Gero kuiak zintzilik izango dituzu.

    Berdin egin dezakezu meloiarekin edota angurriarekin.

    Erlazionatutako landarea: Kuia

  • Usaindunak landatu
    Usaindunak landatu

    Landare laguntzaile ugari dugu baratzean. Batzuek gaitzak eta izurriteak uxatzen dituzte, beste batzuek intsektuak edo beste animalia lagunak erakartzen dituzte. Gehienek bere usainaren bidez lan egiten dute, baina badira loreen bidez polinizatzaileak erakartzen dituztenak, gero baratzean beste intsektuak edo izurriteak neurrian mantenduko dituztenak.

    Badira sustraiekin lan egiten dutenak, tartikua adibidez, esnea du eta lurpekoren batek kosk egiten badio erre egingo da. Tagetearen eta albahakaren sustraiek inguruan egon daitezkeen nematodoak uxatzen dituzte, inguruko landareetan hauen balizko kaltea eragotziz.

    Isipu-belarrak, menda batzuek, mota-belarrak, salbiak eta izpilikuak txindurriak uxatzen dituzte, hauek zaintzen dituzten zorriei bizimodua zailduz. Asentsio-belarrak eta erromeroak azaren tximeleta uxatzen dute. Azken honek euliak ere uxatzen ditu.

    Orokorrean usaineko landareak baratzearen inguruan jarri, batez ere haize nagusiek jotzen duten aldetik, usaina baratze osoan zabal dadin.

  • Hostoa galtzen ez dutenak landatu
    Hostoa galtzen ez dutenak landatu

    Apirila-maiatza da hostoa galtzen ez duten landareak landatzeko sasoi onena: koniferoak, zitrikoak, olibondoa, artea, mimosa, palmondoa... Hotzak bukatuta, lurra berotzen hasia eta eguna oso luzea; baldintza hauek landarea itsastea erraztuko dute. Zenbat eta berozaleago eta beranduago.

    Toki beroena eta argitsuena aukeratu palmondoa, olibondoa eta zitrikoarentzat, eguzki-begi egutera; gehienetan hego-hegora begira dagoena izango da. Lur harroa gustatzen zaie baina ez lehorra, urzaleak dira. Ongarria erruz eman, honen arabera haziko dira.

    Uda lehorra baldin bada ureztatu, sakon ureztatu, sustraiak uraren atzetik luze hazi daitezen. Maiz eta gutxi ureztatuz gero hortxe, motzean geratuko dira, bertan goxo, eta ez da komeni.

  • Lore baratzea
    Lore baratzea

    Udaberria eta uda loreek alaitzen dituzte. Gu ere bai. Gogoratu loreengatik jartzen diren landareekin, bai lorontzietan jartzeko, baita lurrean landatzeko ere. Lore multzoetan kolore, forma, tamaina, eta abar kontutan hartuta etortzen zaizkizun joko guztiak saiatu eta sortu. Aukera ikaragarria da: geranio, petunia, surfinia, tagete, rudbekia, kosmos, alissum, salbia, mitxoleta, ekilore, ezkilalore, begonia, bitxilore...

    Orain landatutako landareek udaberriko grina baliatuz sustrai luze eta sakonak emango dituzte. Honek, egun luzeak etortzean loraldi oparoagoak zabaltzen lagunduko du. Oparoagoak bi zentzutan: lore gehiago, denbora luzeagoan. Oparotasun hau ez da makala, landareari ikaragarrizko lana eskatzen dio eta bi gauza oinarrizko: janari ugari eta ur faltarik ez. Loreak landatu behar dituzun tokiko lurra erruz ongarritu, ongarri ondua erabili. Landareak lorontzian badaude ureztaketa zaindu, sekula ez utzi ur falta larriegirik izan dezan, loraldi guztia gal baitezake eta buelta ematen kosta egingo zaio.

    Lurrean landatuta badaude, ureztaketa lana arinagoa izango da.

  • Kuiak erein
    Kuiak erein

    Kuiak maiatzean ereiten dira. Onena gero biziko diren toki berean ereitea da, birlandatzerakoan sustrairik galdu ez eta ur faltarik sufritu ez dezan.

    Orain bilatu gustuko kuien hazian hurrengo hilean korrika eta presaka ibili beharrik ez izateko.

    Erlazionatutako landarea: Kuia

  • Soropila sortzeko 5 urrats
    Soropila sortzeko 5 urrats

    1.- Saila ondo garbitu, motokultorearekin bi pasara eman gurutzatuta, mantso, sustraiak suntsitzeko. Gero eguzkitan utzi lurra belarrak ihartzeko.

    2.- Harriak eta sustraiak kenduz eskuarearekin berdindu.

    3.- Hazia ondo nahasi eta ahalik eta berdinen banatu (+/- 40gr/m²). Kontuz haizearekin.

    4.- Hazia estali, arin-arin eskuarearekin.

    5.- Alperrarekin hazia zanpatu, lurra itsatsi eta errazago ernatu dadin.

Apirileko lanak

Erein

Baba beltz txikia, aza, porrua, aza gorria, bruselaza, azalorea, erromaneskua, brokolia, arbi zuria, errefaua, apioa, apio-arbia, errukula, ardi-mihia, uraza, kukulua, zerba, borraja, azenarioa, apioa, kuia, kuiatxoa, luzokerra, patata, tomatea, alberjinia, piper berde eta gorria, martorria, oreganoa, mendaroa, erremolatxa, perrexila, albahaka, mihilua, eskarola, leka, orburua, txikoria, ziazerba, Zeelanda Berriko ziazerba, perraitza edo apoperrexila, kertxuna edo berroa, getozka, terebuza, sendapokia eta pastinaka.

Berotegirako azenarioa, apioa, babarrun motza, leka motza eta altua, luzokerra, tomatea, alberjinia, piper gorri eta berdea, meloia eta angurria.

Landatu

Orburua, marrubia, apioa, arabarba, tipulina, tipulatxa, tipula zuria eta gorria, borraja, mihilua, zainzuria, zerba, ziazerba, uraza, kukulua, erremolatxa, topinanbua edo frantses patata, udaberriko aza eta porrua. Berotegian: porrua, tipula gorria, uraza, erremolatxa, borraja, kuiatxoa, luzokerra, tomatea, alberjinia eta piperrak.

Landare usaindunak erein, banatu eta landatzeko sasoia da: izpilikua, erromeroa, ezkaia, menda... Baita baratzean laguntzaile izango ditugun bestelako landareak ere: ilena edo baltsamu-belarra, kaputxina, asentsio-belarra, bortusaina...

Loraldi ikusgarriak izango dira. Sagastietan apirileko lorea jotzen da onena, “Apirileko lorea, urrea”.

Hostajea galtzen ez duten arbolak landatu: zitrikoak, mizpira japoniarra, olibondoa, gurbitza, feijoa, ahuakateondoa...

Beharrezkoa bada, lore begiak ireki aurreko tratamenduak egin: mahatsondoa, sagarrondoa, udareondoa...

Berandu mugituko diren fruitu arbolak txertatzeko azken aukera, txotxeko txertoa egiten da sasoi honetan.

Fruitu zuhaixken aldaxkak landatzeko azken aukera: mugurdia, ahabia, arakatza...

Hostorik galtzen ez dutenak landatu: konifero, gurbitz, arte, artelatz...

Hostajeari eusten dioten landareak landatu: konifero, gorosti, erramu, izpiliku, erromero, txilar...

Udaberriarekin loratzen direnak loratu ondoren inausi: forsithia, kerria, judasen arbola, amañililia, irasagarrondo japoniarra, sasi azaharra... Bateren bat ugaritu nahi bada, moztutako adarrak aldaxka gisa landatu.

Udan loratzeko erraboilak landatu: dalia, gladiolo, lilium, kana, begonia... Udako sasoiko loreak emango dituztenak erein, zehar aldatu eta landatu.

Belardia eta soropila sortzeko hazia ereiteko urte sasoia. Soropila areatzeko garaia; lur gainean belar artean pilatutako belar kondarrak harrotu eta lur azala ebakiko da, honela belarrari sustrai berriak eman eta indarrean errotzeko aukera ematen zaio. Belardia jantzi egingo da, belarra trinkoagoa, beteagoa etorriko da udaberrian. Ereindakoetan bezala areatutakoetan, beharrezkoa denean ura eman.

Soropila mozteko garaia. Erein berria den belardia ebakitzeko makinaren xafla ondo zorroztu, bestela moztu adina atera egingo du.

Apirileko uzta

Bertakoa eta sasoikoa.
Hilabete honetako kalitatezko barazkiak.
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora