Asteroko buletina
Baratza bati ekiten diozun egunean hasten da bizitza

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Hurritza lantzeko noiz jaso.
2024-03-28 07:43 | Aimar

Egunon. Hurritza itxiturak egiteko erabiltzeko noiz jasotzea komeni ote da?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-28 09:16

Hurritza ilgoran mozten da eta izerdi pixka bat duenean, hurritz adarra malgua izan dadin. Gehienetan azaroan mozten da, zenbaitek baina urrian edota abenduan ere mozten dute.

Gaur arte erantzundakoak (743 galdera-erantzun)

Eskerrik asko laguntzearren Narzizo pillo bat sartu neban oin bi urte landan eta hasten di baiña loraik eztabe emoten. Zerena izen ahal da? Ondo izen

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-25 11:27

Lilipa edo nartziso mota asko dago, baina gehienak orain loratzen dira, neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran. Loratu ondoren hostoak luzatu egiten ditu eta hilabete pare batez hosto horiek utzi egin behar dira bertan, janaria sortu eta lurpeko erreboila energiaz kargatu dezaten. Hori izango da hurrengo urtean lorea ematea ahalbideratuko duen elikagaia. Agian hosto horiek belarrarekin batera moztu egiten dituzu, eta loratzeko janaririk gabe geratzen da. Lilipa horiek dauden belaze zatia ekaina aldera arte utzi, ederki igarriko diozu hostoak noiz ihartzen hgasten diren, eta orduan moztu behar da sail hori. Hori egitene z duzun artean sekula ez duzu lorerik izango, hostoak bai, baina lorerik ez.

Jakoba, ikus dezakezun moduan sagar ale honek kanpotik barruraino gune marroiak dauzka eta horrelako asko biltzen ditugu azkeneko urteetan, zerk eragiten diela esango zenuke eta nola zaindu sagardia hori gerta ez dadin? Eskerrik asko! Eta urta askotarako!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-23 18:54

Bitter Pit” esaten zaio arazo horri; “Orbain Mikatza” alegia. Kaltzio falta nabarmena da bere iturria. Sagarrak ez du behar adina kaltzio hartzen eta denborarekin orbain horiek azaltzen dira. Gordetzeko edo jasotzeko sagarretan arazo larria da. Kaltzio falta arrazoi ugarik eragin dezake: kaltzio falta lurrean, gehiegizko ongarriketa nitrogenatua, arbola gazteak izatea edota inausketa gogorregiak, besteak beste. Hasi karea ematetik. Kontuz ongarriketa nitrogenatuarekin, simaurra batez ere, edo ongarri kimikoak. Ongarri kimikorik ez erabili inola ere. Eta inausketa tamainan erabili.

Kantina bat daukagu, kostaldean. Inguruan lorategiak eta frutarbolak dauzkagu. Egunero kafe-hondar pila bat sortzen dugu eta hori gero ertz batean pilatzen joan gara, beste ezelako lanik edo gehigarririk gabe. Zer egin genezake horrekin guztiarekin? Irakurri dizugu hondakin oso azidoa dela, eta onena luar pilan nahastea dela. Nola egingo zenuke zuk, jakinda egunero hainbat kilo kafe (ehotuta eta bustita) pilatzen dugula? Zerekin nahastu? Zenbat denboraz utzi ontzen? Gomendiorik hori gero lorategietan berrerabilgarri izan dadin? Milesker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-21 16:21

Kafe ehotu hezea oso material ona da luarra egiteko. Luarari azidotasuna eransten dio, baina baita, besteak beste, nitrogenoa, magnesioa eta potasioa ere. Luar horrek lurraren hezetasunari eutsiko dio eta kafeinarekin bareak eta barraskiloak uxatuko ditu.

 

Luarra egiterakoan material hezea edo berdea eta material lehorra edo marroia nahasten dira, 1:4 proportzioan. Belar moztua, janari hondakinak eta abar bezala kafe hondarra material berdea da, beraz proportzioan lau aldiz gehiago beharko duzu material lehorra: hostoak, orbela, lastoa, belar ondua, garoa, zerrautsa, adar txikituak, egunkari papera… Maiz nahastu eta irauli, 8 egunetik behin, pila berotu eta ondo irakin dezan. Zenbat denbora behar duen hori ezin esan daiteke. Tokiaren arabera, klima, zenbat bustitzen den, eta abarrek aginduko dute, baina textura ikusita jabetuko zarete egina dagoen, eta lurrari nahasteko moduan dagoen. Uda partean lurrari nahastu behar izanez gero, ortuan edo lorategian adibidez, ondo egina behar du. Udazkenean gehitzez gero erabat egin gabekoa ere zabaldu daiteke.

 

Atsalde on Jakoba,

Baratzea landatzeko edo egiteko asmotan nabil haurten.Goldatu det lurra eta orain ardi zimaurra bota det.

Erronka eta lasaigarri bezala hartu det.

Orain , naiz eta kale umea izan gurasoak baserritarrak izan ziren eta oriandik badut , gogoa eta ideiak.

Galdera: ba al dezu egutegi edo zer landatu sasoiaren araberako zerbait?

Agurra.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-20 13:18

Bi aukera eskaintzen dizkizut. Bata Ilargiaren Egutegia. Horman zintzilikatzeko egutegiaren formatua du, non hilabetez hilabete era oso labur batean adierazten du zein lan egin. Osatuxeagoa da ILARGIA ETA LANDAREAK 2024 agenda. Bertan hilabetez hilabeteko lanak zabalxeago azaltzen dira lau alorretan: baratzea, lorategia, fruitu arbolak eta basoa. Era berean agenda bat da egiten diren lanak ondo dokumentatzeko, etorkizunean ikasteko aukera ematen duena. Era berean astero sasoiko lantxo bat labur-labur azaltzen da. Atzeko aldean oinarrizko lanak ere azaltzen dira: baratze bat sortzeko 8 urrats, ongarriak, tratamendu naturalak, landare laguntzaileak, polinizatzaileak erakartzeko landareak, txandakatzea, landareetan nor norekin ondo edo gaizki eramaten dira, barazki bakoitza noiz -erein-landatu-uzta jaso laburpena eta abar. Nik uste dut tresna egokiena agenda hau dela. Urtez urte bertan jasotakoak zeure baratzeko entziklopedia zehatza egiten lagunduko dizu. 2018 urteaz geroztik urtero-urtero argitaratzen dugu baratzezainen lagungarri. Liburudendatan eskuratu dezakezu eta baita hemen ere: https://azoka.argia.eus/produktua/ilargia-eta-landareak-agenda-2024/

Bestetik gomendio osagarri gisa www.bizibaratzea.eus webgunea hor duzu informazio mordoarekin; bertatik astelehenero goizeko 08:00etan buletin bat igortzen dugu non aste horretan egiteko lanak gogora arazten ditugu, astero idazten dudan landareak eta pertsonen eta kulturen arteko eman-hartuei buruzko artikulua, aste horretan Euskal Herria osoan dauden ekitaldi, ikastaro, hitzaldi, aurkezpen, azoka, dastaketa eta abar jasotzen dituen agenda zabala, niri egiten dizkidaten galderak jasotzen diren eta bertatik galderak zuzenean egiteko aukera ematen duen eta hainbat gauza gehiago dituen. Atrebentziarekin neuk zuzenean harpidetu zaitut, gustuko ez baduzu harpidetza eten eta kitto. Bestetik, Telegram sarean ere kanal bereizi bat dugu; bertan egunero minutu erdi batean irakurtzeko moduko sasoiko lan bat agertzen da, argazki eder batez lagunduta. Amaitzeko Euskal Herrian egiteko baratzegintzari buruzko entziklopedia den BIZI BARATZEA liburu mardula ere hor duzu, dagoenerako 8. argitaraldian.

Animo eta eutsi lurrari! Eta edozer zalantza baduzu badakizu, hemen gaude Bizi Baratzeako kideok.

Kaixo,
Interesa daukagu txikientzako habietan eta intsektuentzako gordelekuetan.
Pare bat arte handi dauzkagu baratzean eta jakin badakit txori bakoitzari gordeleku jakin bat gustatzen zaiola. Beraz, ze gordeleku mota jarriko zenuke eta zein txorirentzat? Zarauzko Elkano auzoan kokatzen gara.
Bestetik, intsektuek dagokionez, nola eraikitzen dira gordelekuak eta zein intsektu erakartzeko?
Baratzetik bizi gara eta fauna auxiliarrai buelta bat eman nahi diogu poliki-poliki.
Eskerrik asko!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-20 13:13

Hegazti bakoitzak, ondo diozun bezela beren gordeleku edo habia motak sortu eta diseinatzen ditu naturan, bere helburu zehatzak betetzeko asmoarekin. Gurean kabikutxak erabili ohi dira, hegazti habigileei laguntzeko asmoz, eta gure inguruneko bioaniztasuna indartzeko helburuarekin. Kabikutxak erabiltzen ohituenak edo gehienetan horiek okupatzen dituztenak kaskabeltza eta amilots urdina, nahiz eta tarteka beste hegazti batzuek ere okupa ditzaketen kabikutxa horiek, eta hauek Diputazioak dohainik ematen ditu hegazti habigileen biziraupena bermatzeko asmoz edo (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/tramiteen-zerrenda/-/tramiteak/xehetasuna/2249).

Mota askotako kabiak daude merkatuan edo norberak egin ditzake etxean interesen eta trebeziaren arabera. Adibidez, kantu ederra duen txepetxak goroldioz eratutako pelota itxi formakoak egiten ditu, babesa eta epeltasuna eskaintzeko. Zuhaitzetan gora eta behera ibili ohi den garrapoak habiaren sarrerari zuloa lokatzez estali ohi dio, beren mesederako.

Nire iritziz gaueko harrapariak: mozolo, hontza, urubi eta abar interes berezikoak dira gure nekazaritza paisaietan. Baita saguzarrak ere.

Etxean egiteko asmoa edo ilusioa izanez gero, badaude egitasmo ezberdin eta interesgarriak! https://www.txoriak.com/eu/

Intsekuei dagokionean, aspaldi dakigu intsektuek sekulako garrantzia dutela bioaniztasunaren zaintzan eta gurera ekarrita, zehatzago baratzegintzan. Landareen ugalketarako ezinbesteko dira (polinizazioa adibidez...), izurriteen kontrolerako lan handia egiten dute (amona mantangorriak eta zorrien izurriteak adibidez...) eta hegaztien elikadura katerako ezinbesteko dira. Geroz eta zabalduago dago fauna laguntzailearekin lotuta hainbat gordeleku itxurako edo "intsektuen hotel" izaerako elementu baratzegintzan eta jardinetan txertatzearen ideia, hauek erakarri eta bizitoki bezela funtziona dezaten.

Gabezia nagusia izan ohi da ez dela erreza izaten asmatzea zein gordeleku motak zein intsektu mota erakartzen duen asmatzea eta horrela diseinatzea, eta horregatik "intsektuen hotela" bezelako egiturak dira erabilienak, askorentzako babesleku egiteko gaitasuna dutelako. Izan ere, banbu kainabera hustuek polinitzaileei babesa eskaintzen diete (erle bakartiak, erlazterrak...),  pilaturiko zurezko zatitxoak marigorringo edo amona mantangorrientzat aproposak dira, lastoa edo zur zulatua krisopteroentzat egokia da (zorri edo izurrite ezberdinetaz elikatzen direnak...) eta abar.

Aukera ezberdin asko dago, sinpleenetik konplexuenetara, agian interesgarrienak hauek dira, baita osatuenak ere: https://www.youtube.com/watch?v=83pRMPuX-sI

 

Kaixo Jakoba;
Markinako azokan ahabi landarea eskuratu dut. Non landatzea komeniko litzateke? Herrialde hotzetako landarea da ezta?
Zalantza dator basalandarea izanik baso eta zuhaitz artean edo  egotea komeniko litzaioken, hau da, erdi eguzki erdi gerizpetan... Ala eguzkiak joko dion leku argitsu baten? Iparrera begira ala ekialde epelean?
Zainketa bereziren bat beharko luke?
Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-20 13:12

Baso argietako landarea da ahabia, beraz eguzki galdatan ez, ezta itzal-itzaletan ere. Onena goizeko eguzki epela hartu baina arratsaldeko eguzki gogorretik babestuta. Ekialdera begira ondo, baina eguerditik atzera itzala duelarik.
Gogoan izan, lur azidoa atsegin du eta beraz karerik ez eman, satsa edo luarra bai.

Kaixo, Jakoba.
Barkatu horrela harrapatzea, baina zalantza bat galdetu nahi nizun (nahi baduzu, erantzun).
Hortentsia batzuk kimatu eta, betatik lortutako adarrak landatuta, landare berriak lortu nahiko nituzke.
Galdera honakoa da: momentu honetan egokia litzateke inausketa+landaketa hori egitea?
Orain ilgoran gaude, eta suposatzen da ez dela inausi behar, baina landatu bai. Ezta? Ikusten duzun moduan, ez naiz enteratzen.

Mila-mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-20 13:09

Hortentsiak kimatzeko sasoia eta aldaxkak landatzekoa bera da, ilbehera. Ilgoran batez ere erein egiten da. Giroa ikusita onena duzu datorren ilbeherari itxaron eta orduan egin bi lanak, hau da, martxoaren 18tik 31 ra bitartean.

Egun on Jakoba.

Aguakatea ipintekotan gagoaz Arratian.
Zer eritzi dozu honen inguruen?
Merezi dau?
Probatuko dogu?

Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-20 13:07

Arratian batean edo bestean non landatzen den alde ederra izango duela iruditzen zait. Ahuakateondoak oraingoz, ondo bizi dira itsas aldameneko lur epeletan. Hotz handia muga da ahuakateondoarentzako. Ez dakit zuek ikusi. Inguruan besteren baten erreferentziarik ba al duzute? Bestela landatu eta 2-3 urtetan ederki igarriko diozuen bere garapenari. Hori bai, hotzetik babestu: enborra eta adar nagusiak bendatu, txapela jarri gainean izotzak kentzeko, sats egin berri beroa jarri azpien zainak eta ingurunea berotzeko… Eta orduan hitz egingo dugu.

Kaixo. Tipula gorria aldatzeko egun aproposenak zein diren jakin nahiko nuke. Aldez aurretik eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-19 11:08

Landaketa ilbeheran egitea komeni da eta ahal izanez gero sustrai egunean. Ilbeheran gaude apirilaren 1 goizeko 10:51 arte. Eta sustrai egunak 24 10:00etatik atzera, 25 12:00etatik atzera, 26 eta 27 izango dira. Hurrengo urterako gogoan izan jasotzeko tipula bada aurreko ilbeheran landatzea hobe dela.

Iepa sagarrondoak noiz kimatu behar dira?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-17 20:53

Izerdia mugitzen hasten denean kimatzea da egokiena. Datozen bi aste hauetako ilbehera oso ona izango da.

Martxoaren 22an bi haritz arbola lortuko ditut, 50cm ingurukoak. Baserrian landatuko ditut. Zer egin beharko nuke landatu aurretik? Eta ondoren?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-17 21:00

Lehenik lurra prestatu behar da, 40 x 40 zentimetroko zuloa egin eta sakonean sustraiek behar dutena. Garrantzitsuena da haritz landarean lehen zuen tamaina berean lurperatuta geratu behar dela. Ez sakonago ez harroago. Sustraien azpian ongarri zahar eskukada pare bat emanez gero hobe. Haizetokia delako edo euskarririk behar badu, makila edo, lurra eman aurretik jarri eta sartu bere aldamenean. Ondoren sustrai tartera lurra bota eta tarteak ondo-ondo bete. Gero goraino lurrez osatu eta zanpatu. Lehen uda lehorra badoa agian ureztatzea komeniko da. Zeuk ikusi non, zeion orientaziotan eta abar bizi direnaren arabera.

Kaixo, hildako karea bota berri dut baratzean izan ere oso buztintsua da. Orain behi ximaurra eskeini didate, baina ez dakit ea bi gauzak batera bota daitezkeen edo nola egin dezakedan. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-17 21:05

Bi ongarriketa horien artean ilargialdi bat, hilabete bat, uztea komeni da. Beraz karea eman zenuenetik simaurrarenera tarte hori utzi. Behi simaurra berria bada kontuz zein lurretan emango duzun, landare guztiei ez zaie komeni eta… Hala bada utzi lasai alde batera eta hurrengo udazkenean ederra egongo da lurrari emateko.

Gabon Jakoba. Zeanuriko eskolako jolastokian bi edo hiru fruta arbola ipini nahi dira haur txikienak ibiliko diren eremuan. Egia da berandutxo dela, negu neguan egin beharreko lana baita baina orain arte ezta posible izan eraberritze prozesuan egon baita eraikina eta ingurua. Beranduagorako utzi gabe, ilbehera datorrela aprobetxatuz landaketa egin nahi da beraz. Arbolak landatu nahiko litezkeen belarguneetako lurra berria dela esan daiteke baina sakonera gutxikoa. Leku eguzkitsua da oso (ekialde-hegoalde), beraz gerizpea ematea ere ondo legoke. Zein fruta arbola landatzea gomendatzen duzu? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-19 11:16

Uste dut egokienak direla urtean zehar aldaketak erakusten dituzten fruta arbolak: loraldia, fruitua, hostoak kolorea aldatzea, hostorik gabe izatea, hostoberritzea… Era berean mantentze lanik emango ez duena, hau da ez inausi, ez tratamendutik… Inor inausteko asmotan hurbiltzen bada ez utzi inolaz ere; batez ere zaurietatik alferrik galtzen direlako arbolak, eta arriskurik ez dugu nahi. Horretarako hona proposamenak, aukeratzea zuen esku: gereziondoa bat eta bestea hiru hauen artean: hurritza, madariondoa eta sagarrondoa.

Iaz makats bat landatu nuen ta puntak baltzitu egiten ziran. Aurten osoak hasi direnean pikadurak bezala daukate. Zer egin Al dut?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-18 22:49

Nire iritziz bi gaitz hauetako bat da: lehena pikardatua edo moteado eta bigarrena gorrina. Biak lehenik lorea eta ondoren hostoak ireki behar dituen begia zabaltzen denean erasotzen dute. Pikardatuak gero orban beltzak ematen ditu, gorrinak gorriak eta ondoren ihar kolorekoak. Biak ala biak antzeko tratamendua dute: kobrea. Kobrea forma kimiko ugaritan topa dezakegu: salda bordelesa, kobre oxidoa, kobre oxikloruroa, sulfato kuprokaltzikoa… Eskuera duzun edozein erabili, ahalik eta azkarren 3 tratamendu eman astebeteko tartearekin.

20 urteko intxaurrondo batzuk ditut batere ematen ez dutenak eta txertatu nahiko nituzke. Lara motako beste batzuk, ordea, oso ongi ematen dutenez horiekin txertatuko nituzke. Nola txertatu intxaurrondo horiek? Bi aldiz saiatu naiz, baina ez didate hartzen.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-11 16:03

Intxaurrondoaren enborra edo adar handienak beren oinean ebaki beharko dira. Bi aukera ikusten ditut; bata, zuzenean ebaki handi horietan txertaketa egitea, eraztun edo koroa txertoa. Bestea, ebaki horietan adar berriak sor eta hazi daitezela utzi beste urte bat eta adar haiek txertatu, bai zotzeko edo begiko txertoa eginez.

Datorren asteburuan, martxoak 16 edo 17, bost kiwi landatzeko asmoa daukagu Larrabetzun, errekatxo batetik hurbil eta lurra umela eta buztintsuan. Ar bat eta lau eme ipintzeko asmoa dugu, distantziekin dugu zalantza, emeen artean metro eta erdi eta arra erdigunean? eta larunbata, martxoak 16, egun egokia da? kontuan hartu beharko beste aholkurik? Mila mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-11 11:05

Kiwiak lur buztintsuan bizi daiteke baina lurra istildu edo itotzen bada kontuz. Hala bada, tontorrak egin, 40-50 zentimetro garai direnak eta han landatu. Ongarriketa ere zaindu, asko behar du: 5-6 kg/m2. Landareen arteko tarteari buruz 1,5 metrokoa oso eskasa da. 3-4 metro behintzat bai behar dute. Eta arra non jarri erabakitzerakoan kontutan izan polinizazioa oso garrantzitsua dela fruituaren tamaina eta kalitateari begira. Ondo ikusi udaberriko haize nagusiak nondik jotzen duen eta arra alde hartatik jarri haizeak berak poliniza dezan. Bestetik, hasiera hasieratik landareei eutsiko dien egitura sendo-sendoa jarri; erdipurdikoa jarriz gero laster damutuko zara. Landaketaren egunari buruz, 16 ilgora da eta berez landaketa lanak egiteko ilbehera egokiagoa da. Asteburu horretan 17 arratsaldea edo 18tik 31ra arteko ilbehera litzateke onena, eta onetan onenak 24, 25 arratsaldea eta 26 eta 27.

Kaixo, Lagun batzuek limoi hazia erein da puntu hontararte iritsi dituk. Orain arte fruiturik eman ez eta urte hasierako hilbeheran adarxka guzti hoiek kimatu dizkiyek. (geitxo ezta?) Nola bideratu edota landu beharko genikek ahalik eta hoberen fruitua ematen hasteko? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-11 18:04

Hasteko hazitik sortutako limoiondoak aleak emateko bide luzea dik. Frutarbola guztien patua duk. Hazitik etorritakoa bada ez dakigu zein nahasketa gertatu den hor eta Mendelek esan zigun bezala guk hazia kendu diogun fruituaren antzekoa ematen duen arbola sortzeko probabilitatea txikiena duk. Horretxegatik frutarbolak txertatu egiten dituk, guk nahi diagun ale klaseak eman ditzan. Zuen arbolara bueltatuta, inausketa bai kriminalogia sailean sartzeko modukoa duk. Ea buelta nola ematen zioken. Toki epel, egutera eta eguzkitsu batera eraman, ez duk garbi ikusten baina argazkian horrelako batean ez dela bizi zirudik. Gero erabaki txertatu nahi duzuten edo ez. Ezezkoa baduk, hostoz jaztean utzi bere horretan eta eman ongarria eta janaria. Adibidez ontzi horretan lur gehiago kabitzen duk. Landarea atera eta ongarri zaharrarekin bete, eta nahi diken forma har dezan utzi. Urtero ongarria eman, gainetik. Txertatzeko lana hartu nahi izanez gero, lan polita duk, tutorialak nonahi topatuko dituzue; txertoa edo mentua eskuratzeko limoi onak ematen dizkiken arbola bat topatu eta hari adartxo bat kentzea nahikoa duk, mintegiren batean, ezagutzen duzuten beste arbolaren bat…

Eguzkilora haziak oparitu ta gordeta zezkeat. Ereiteko garaia orain izango litzekek ala?

Ta diformotekak noiz kimatu? Lorea galtzen zienen esantzitean batek baino lorea eztie galdu negun ta landarek haundik zezkeat kanpon (loraontzitik kanpo lurren alegie) bizi bait dituk ta... Aldez aurretio eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-08 15:56

Eguzkilorea ereiteko sasoia etorri dek. Martxoko ilgora dek onena eta ahal izanez gero lore egunak. Ilgora 18-31 izango dek eta lore egunak 18a eta 19 (17:00) arte izango dituk. 

Dimorfoteka inausteko sasoi egokiena ilbehera dek. Toki gozo batean bizi badek, Itsasoaren eragina diken tokian, otsailean eta gainontzean martxoan. Oso toki hotzean bizi badek apirilean.

Aupa Jakoba, aurten ez dut inausketarik egin etxeko sagarrondoetan. Hurrengo ilbeheran (17an...) egitea posiblea da? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-08 11:36

Bai egin dezakezu eta egokiena hori da. Martxoko ilbeheran egin behar da sagarrondoen neguko inausketa. Inausi eta laster izerdia etorriko baita zauriak ixtera.

Kaixo Jakoba noiz moztu beharko nuke ongarri berderako ereindako oloa? Lehenago moztuko banuke ze gertatuko litzake? Sail hortan patata sartu nahi nuke ondoren eta. Esker mile Joxe

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 10:39

Ongarri berdearen betebehar nagusiak dira batetik lurra ongarritzea eta bestetik babestea. Babesa egin du, eta beste zerbait jartzen duzun arteko lana da hori. Ongarritzearena oloak sustraien bidez janariak mugitu ditu eta gero moztu eta lurrarekin nahasten duzunean gauzatuko da ongarriketa nagusia. Nahi duzunean moztu. Patata goiz egin nahi baduzu ba dagoen bezala dagoela moztu oloa eta harentzako prestatu lurra.

Duela pare bat urtera arte, patatak kontserbatzeko “hauts” bat erosten genuen CLORPROFAM. Orain debekatuta dago. Dendetan DESECAL hautsak eskeintzen dizkigute, baina dendari batek esan zidan saltzeari utzi diola ez duelako eraginik. Ba al duzu kontsejurik ? Hozkailuak kontserbatzetik aparte, noski .

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 10:51

Patata gorde eta ernetu gabe irauteko garrantzitsuena tokia ondo aukeratzea da. Hotza izan behar du, ahal den hotzena, ahal bada 7º C-tik behera eta inoiz ez 12 ºC-tik gora, iluna, irekia eta ondo haizeberritzen dena.

Datorren zapatua sagardoa enkortxatzeko ona da, ala hilberan beranduegi. Lana egiten dot eta astebiuua dut lanabes horietarako. Beste aukera bat dot astean libre duten lagunak zapatu aurretik boteilan sartu edo aste santuko ilbehera itxoin. Zer deritzozu? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 10:57

Zeuk ikusi behar duzu zer den garrantzitsuena zeure sagardoarentzako. Ontzi txikitan egina eta bizitzeko arriskua badago zalantzarik gabe ahalik eta azkarren botilaratu. Hotz giro hau baliatu eta aurrera. Asteburuari itxaron behar badiozu larunbata 9, ez onena delako, lehenengo aukera delako. 10ean ez behintzat. Bestela 18tik atzera nahi duzunean. Hurrengo urteetarako, eta sagardotegi industrialetako ontzi erraldoirik ez baduzu edota hotzetan eduki ez baduzu eguberrietako ilbeheran botilaratu; alde ederreko sagardoa edango duzu urte guztian…

Kaixo Jakoba. Gaztaiñondo eta alkazia bota nahi ditut, ondoren hesolak egin eta lursailetan ixturak egiteko. Noiz da garai onena? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-04 10:49

Garai onena joan da, negu-neguko ilbeherak dira onenak, urtarrilekoa eta otsailekoa. Gaur botatzeko aukerarik izanez gero gaur bertan, otsailaren 4a; gaur amaitzen da ilbehera eta besterik ez bada moztuta utzi, gero egingo dituzu hesolagintza lanak. Hurrengo ilbehera martxoaren 18tik 31ra da, ahal izanez gero 28,29 eta 30 kenduta.

Kaixo. Frutarboletan eta fruitu gorrien landare batzuen adarretan liken horia ageri da. Horrek kalte egiten die arbolei? Entzun dut liken horren azpian ezkutatu ohi direla izurriteak, intsektuak etab. komeni da liken hori kentzea? eta horrela bada, nola kendu daiteke? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-05 11:12

Likenak ez dio kalterik egiten bere ostalariari. Gauza bat argi esaten ari da: hezetasun handia dago ingurune horretan. Seguruenera hezetasun horrek kalte askoz ere nabarmenagoa egiten dio fruitu landareari. Egia da likenaren babesean negua gozoago igaro dezaketela landarearen aurkariek; horregatik askotan gomendatzen da kentzea. Kentzez gero bere enborra edo adarrak ez kaltetzea da kontua. Erabili zurda leuneko eskuila bat. Alanbre-zurdazko eskuila eraginkorragoa izango litzateke baina aldi berean azala mintzeko arriskua dago. Kendu edo ez zeuk erabaki eta zerekin ere bai. Baina gauza bat izan argi, hezetasuna dagoen artean ederki berrituko da.

Kaixo Jakoba. Geranioak kimatzeko noiz den sasoirik egokiena jakin nahiko nikek! Martxoa oraindik garaiz al nailek?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-03-03 09:51

Martxoa dek berez sasoi egokiena. Toki gozo eta negu epeleko urtetan otsailean ere bai baina onena martxoa. Ilbehera izaten dek onena. Loreontzitan bizi badituk eta urte pare batez edo gehiagoz luberritu gabe bazeudek hura berritu eta moztutako adarrak landare berriak sortzeko adaxka bezala erabili eta landatu.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora